bateragune auzia

Rafa Diez atzemateko erabakia atxiloketen egunean bertan hartu zuten

Arnaldo Otegi-eta Donostiako LABeko egoitzan atxilotu zituztenean, bertan zegoen Diez. "Ez zen ikerketaren helburua", aitortu du poliziak batek, 'Bateragune auziko' epaiketako laugarren egunean. Polizia berak esan du ez dakiela zerk eragin zuen Amaia Esnalen atxiloketa. Joxean Agirre lekukoak adierazi du Otegik estrategiari buruzko gogoetaren berri eman ziola, ez zitzaiola sekula organu bateko ordezkari bezala aurkeztu, eta "bide politiko eta demokratiko soilen aldeko apustua" egin zutela. Ibon Arbuluk, Santi Oruek eta Adolfo Araitzek ere deklaratu dute. Bihar segituko du epaiketak, 10:00etan, lekuko gehiagoren deklarazioekin.

2011ko ekainaren 30a
15:02
Entzun

Espainiako polizia batek jakinarazi du Rafa Diez LABeko idazkari nagusi ohia ez zela Bateragune auziko "ikerketaren helburua", eta hura atzemateko erabakia atxiloketen egunean bertan hartu zutela, 2009ko urriaren 13an. Arnaldo Otegi eta beste batzuk Donostian atxilotu zituzten, LABen egoitzan, Diez bertan zegoen une hartan, eta operazioa egiten ari ziren agenteek erabaki zuten atzematea, polizia haren arabera.

Polizia berak esan du ez dakiela zerk eragin zuen Amaia Esnalen atxiloketa.

Beste polizia baten arabera, "Arnaldo Otegi beti izan da intereseko pertsona. Beti izan da lehentasuneko helburua [zaintzak egiteko]". Hark esan duenez, Bateragune 2009ko martxoaren 16an atera zen jendaurrera, Donostiako prentsaurreko batean, "baina ez genuen pentsatu Batasuneko Mahai Nazionalaren ordezko izango zenik. Uste genuen batetik Bateragune egongo zela eta bestetik Mahai Nazional berria", eta gero esan du hipotesi hori baztertu egin zutela.

Lekukoen txanda gaurtik

Epaiketako laugarren eguna dute gaurkoa Espainiako Auzitegi Nazionalean —10:30ean hasi da—, eta lehenik zortzi polizik deklaratu ostean —beste bi ez dira aretora azaldu—, lekukoen txanda izan da. Hain zuzen, Ibon Arbulu, Santi Orue, Joxean Agirre eta Adolfo Araitzen aritu dira hizketan. Arbulu hasi da, 12:30ean, eta esan du ez dakiela zer den Bateragune, berak ez zuela parte hartu ezker abertzalearen eztabaidan —"kartzelan nengoelako garai horretan"— eta ez dakiela bera preso hartu zutenetik —2007ko urritik— Batasunaren Mahai Nazionala egon denik. Espetxean izandako hartu-emanak —bisita eta telefono bidez— "pertsonalak" izan zirela adierazi du Arbuluk.

Oruek aitortu du 2009ko apirileko egun batean Arnaldo Otegi eta Rafa Diez Urruñara eraman zituela autoan, "bidaia normala" eginda, eta Jokin Etxeberria Iparraldeko Batasuneko kidearen etxe atarian utzi zituela. "Pastelak eman zizkion Otegik, hantxe erosita". 2009ko uztailean behin Otegi Ezpeletako plazara eraman zuen autoan, orduan ere "normal", eta esan du Frantziako Poliziak mugan geratu egin zituela kontrol batean.

Agirrek adierazi du Otegik ezker abertzalearen estrategiari buruzko gogoetaren berri eman ziola, baina hau ez zitzaiola sekula organu bateko ordezkari bezala aurkeztu. Agirrek aitortu du berak ere parte hartu zuela eztabaidan, eta "errotik aldatu" zutela "ezker abertzalearen estrategia", Zutik Euskal Herria adierazpenak dioen bezala. "Bide politiko eta demokratiko soilen aldeko apustua" egin zutela berretsi du. Lekuko haren ustez, "ETAk baleko jo ditu eztabaidaren ondorioak, erakunde armatuak su-eten orokorrean baitago".

Adolfo Araitz abokatua ere aritu da deklaratzen lekuko bezala. Hark kontatu duenez, eztabaida prozesua hasieran "espontaneoa" izan zen, eta gero joan zen antolatzen. "Neu neure herrian eta inguruetan aritu nintzen antolatzen". Tafallakoa da Araitz. "Guztiak askatasun osoz hitz egin zuten". Jakinarazi du Internetetik lortu zutela Argitzen txostena, eztabaidan izan zena.

14:20ean bukatu da gaurko saioa. Bihar ekingo diote berriro, 10:00etan, lekuko gehiagoren deklarazioekin. Tasio Erkizia, Jokin Etxeberria, Joxe Mari Olarra edota Floren Aoiz ezker abertzaleko kideak, Pello Urizar EAko idazkari nagusia, Unai Ziarreta EAko lehendakari ohia, Rafa Larreina EAko zuzendaritzakidea, Teresa Toda kazetaria, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia, Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusi izandakoa, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia, Jesus Uzkudun EAEko CCOOko kidea edota Unai Sordo EAEko UGTko idazkari nagusia mintzatuko.

Zortzi auzipetu

Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto, Amaia Esnal, Txelui Moreno eta Mañel Serra ezker abertzaleko kideak ari dira epaitzen astelehenetik, Batasuneko Mahai Nazionala berriz ere osatzeko lanetan aritzea leporatuta. Fiskalak hamarna urteko kartzela zigorra eskatzen du.

Auzipetuek lehen bi egunetako deklarazioetan hankaz gora jarri zuten akusazioa, eta bide politikoen aldeko apustua egin zutela azpimarratu zuten. Guztiek ukatu dute Bateragunekoak zirela.

Asteartean Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideak esan zuen euren eztabaidak "estrategia politiko-militarra haustea esan nahi" zuela.

Atzo hainbat polizia aritu ziren deklaratzen, eta lehendik sinatutako aktak berretsi zituzten. 2009ko urriaren 13an izan zen operazioa.

Uztailaren 7an amaituko da epaiketa, aurreikuspenen arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.