Rajoy: "Ziurtatzen dut galdeketa ez dela egingo. Zalantza eta negoziazio orotik at dago hori"

2013ko abenduaren 12a
20:09
Entzun

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea Kataluniako alderdiek autodeterminazio erreferendumaren harira egin duten iragarpenaz mintzatu da. Ziurtatu du galdeketa ez dela egingo, Espainiako Konstituzioak aukera hori ez duela ematen argudiatuta. Rajoyk gogorarazi du "Espainiako nazioaren zatiezintasuna" aipatzen duela konstituzioak, eta gobernuak ezin duela hori negoziatu.

"Ahalegin guztiak egingo ditut katalanak ez daitezen kaltetuak ikusi ekimen horren ondorioz", esan du Rajoyk, eta gaineratu: Rajoy: "Espainiaren subiranotasuna ez da negoziagarria". Kataluniako autonomia indargabetzeko aukeraz birritan galdetuta, hipotesi horren inguruan ez duela hitz egin nahi erantzun du Rajoyk.

Eguerdian, Alberto Ruiz-Gallardon Espainiako Justizia ministroaren erantzuna berehalakoa izan da Kataluniako galdeketaren inguruan, baina ez du argitu zein neurri hartuko dituzten. "Erkidego batek espainiar guztionak diren lurralde osotasunari eta subiranotasunari buruz erabaki nahi izatea, espainiarrei lapurtzen saiatzea da". Kontsultarik ez dela izango esan du argi eta ozen, "gure konstituzioak ez diolako baimenik ematen ezein erkidegori galdeketa egiteko subiranotasun nazionalari buruz, espeiniar guztioi erabakitzea dagokigunaren gainean".

Gainerakoan, Espainiako Kongresuko PPren bozeramaileak ere eman du iritzia galdeketaz, Alfonso Alonsok, orain arte esan dutenaren ildo beretik: "Ez da kontsultarik izango, ez delako legean sartzen".

"Erabat arduragabea" deritzo galdeketaren inguruko akordioari, eta gogoratu du Mas "Kataluniako Estatuko arduradun" dela, eta beraz, legea bete eta betearazi behar duela.

"Katalunia estatu da, Espainiako estatu, eta estatuaren ordezkariak eta instituzioetako ordezkariek, beren funtzioak bete behar dituzte, Artur Masek ere bai". Erabaki horrekin bere funtziotik "era arriskutsuan" aldentzen da.

"Espainian legea normaltasunez aplika dadin neurriak hartu beharko ditu estatuak", azaldu du Alonsok, neurriak zein izango diren zehaztu gabe, gobernuak proposamena "aztertu" behar duelako. "Haiek ikusiko dute", akordioen sinatzaileez ari dela.

PSOE PPrekin "bat"

"Mariano Rajoyk eta biok horri buruz hitz egin izan dugu, eta ados gaude". Horixe adierazi du Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak, eta Masek proposatutakoa "autodeterminazioaren aldeko erreferenduma" denez, "ez da onartzekoa". Galdeketa egitea "imajinaezina" da "konstituzioaren barnean legezko markorik ez" duelako. Perez Rubalcabaren ustez, "irteerarik gabeko lekura" darama akordioak Katalunia. Pere Navarro PSCko idazkariarekin goizean hitz egin duela ere jakinarazi du, baina ez du hitz egindakoaren berri eman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.