Politika

Rajoyk utzi egingo du PPko buruzagitza

PPko presidenteak jakinarazi du alderdiko zuzendaritza utziko duela, "aro berri bati" ekiteko. Ezohiko kongresu bat antolatuko du, eta alderdia gidatuko duen presidente berria aukeratuko dute bertan. Eskerrak eman dizkie alderdikideei, eta, bereziki, Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeari. Adierazi du bai PPk eta bai berak gidatu duen gobernuak ustelkeriaren kontrako borroka sustatu dutela.

jarraia152927.jpg
jon olano
2018ko ekainaren 5a
18:18
Entzun

Mariano Rajoyk PPko presidente izateari utziko dio. Hala jakinarazi du gaur, alderdiaren Batzorde Eragilearen bileraren osteko agerraldian: "Berrogei urtez, nire betebeharra egin dut alderdiak eskatu didan lekuan. Uste dut aro hori amaitu dela. PPk aurrera egin behar du".

Iragarri duenez, ezohiko kongresu bat antolatuko du PPk, "aro berri bati" ekiteko eta "zuzendaritza berri bat" izendatzeko. Ordura arte, Rajoyk berak ez du alderdi barruan mugimendurik egingo, iritzita hori zuzendaritza berriari dagokiola.

Eskerrak eman dizkie alderdikideei, eta, bereziki, Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeari. "Dena eman diot alderdiari, eta bertan jarraituko dut. Hau nire bizitza da, eta ez dut karneta utziko. Zuekin jarraituko dut, alderdiak hartzen duen bidean, aukeratzen duzuenarekiko leial".

Joan den ostiralean utzi zion Rajoyk Espainiako Gobernuko presidente izateari, PSOEk aurkeztutako zentsura mozioak aurrera eginda. Pedro Sanchez egungo Espainiako presidentearen jarrera kritikatu zuen zentsura mozioaren eztabaidan. Subiranisten babesa baliatzea egotzi zion, eta hauteskundeak irabazi gabe presidente izan nahi izatea.

Harrezkero, oposizioan dago PP, eta berehala zabaldu ziren alderdiaren etorkizunari eta, zehazki, Rajoyrenari buruzko zurrumurruak. Gaur baieztatu du hark ez duela jarraituko alderdiko buruzagitzan.

Hamarkadak eman ditu Rajoyk politikaren lehen lerroan; besteak beste, 1983an Pontevedrako Diputazioko presidente (Galizia) hautatu zuten, 28 urte zituela. Galiziako Xuntan eta, Jose Maria Aznarren agintaldian (1996-2004), Espainiako Gobernuan aritu zen, zeregin ugaritan. 2004an, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan PPko zerrendaburu aurkeztu zen, baina galdu egin zituen bozak; baita 2008koak ere.

2011z geroztik, ordea, hiru aldiz irabazi zituen hauteskundeak; 2011ko azaroan, 2015eko abenduan eta 2016ko ekainean. Zazpi urte egin ditu gobernuburu, Gurtel auziko lehen epaiak hondoratu duen arte.

"Ez dugu sekula ETArekin negoziatu"

Agurra iragartzeko hitzaldian, Rajoyk gogoan izan du ETAren amaiera ere. Harro, gogorarazi du urteotan ez diela erakundearen "deiei erantzun", eta negoziatu ez izanaren froga gisa aipatu du ez dutela euskal presorik gerturatu Euskal Herritik gertuago dauden espetxeetara.

Berehala hasi dira Rajoyren erretiroaren inguruko erreakzioak zabaltzen; tartean, Andoni Ortuzar EAJko presidentearena: "Mariano Rajoy hunkituta ikusten dut bere erretiroa iragartzen. Politikaz eta haren gorabeherez harago, gure akordioez eta desadostasunez harago, pertsona eta bere jarrera goraipatzen ditut, nirekin ezin hobea izan baita beti. Onena opa diot bere bizimodu berrian, eta espero dut elkar topatzea berriro".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.