Euskal presoak

Ramon Jauregi: "Sakabanaketak ez du zentzurik estrategia gisa"

PSOEko eurodiputatuaren iritziz, ez dago euskal presoen sakabanaketarekin jarraitzeko oinarririk, ETArik gabe ez dagoelako "erakunde terroristarik, ezta indarkeriarik ere".

Ramon Jauregi (ezkerrean), Idoia Mendia (erdian) eta Patxi Lopez (eskuinean), lehenengoaren liburuaren aurkezpen ekitaldian, gaur, Donostian. MIGUEL TOñA, EFE
2018ko ekainaren 15a
08:34
Entzun

Memoria de Euskadi. El relato de la paz [Euskadiren memoria. Bakearen errelatoa] liburua aurkeztu du, gaur arratsaldean, Ramon Jauregi PSOEko eurodiputatu eta Eusko Juarlaritzako lehendakariorde ohiak, Donostian. Aurkezpenean izan dira Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia eta Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi eta PSOEko Politika Federaleko idazkaria, besteren artean.

Liburuaren aurkezpenaren ostean, Pedro Sanchez Espainiako presidentearen gobernuak espetxe politika moldatu beharko lukeen galdetu diote kazetariek Jauregiri, eta sakabanaketa indargabetzearen alde mintzatu da. Adierazi duenez, demokraziak "eskuzabal" jokatu beharko luke, "irabazi egin duelako". Haren esanetan, sakabanaketak "ez du zentzurik estrategia gisa", eta egoerak eskatzen duena Espainiako legedia betearaztea dela gaineratu du.

Jauregik 90eko hamarkadako egoerarekin lotu du sakabanaketa. Orduan, kartzelak indarkeria sustatzen zuela eta "estrategia terroristaren katebegi bat" zela argudiatu du. Aldiz, sakabanaketak egun ez du inolako oinarririk, Jauregiren iritziz, "erakunde terroristarik eta indarkeriarik ez dagoenean".

Eusko Legebiltzarrak presoen urruntzea amaitzea eskatu izanari buruz, adierazi du "presoen gizarteratzea errazten duen espetxe politika ezartzea onuragarria" dela, eta gizarteratzea "hobe" egiten dela presoa "bizi den inguruan".

Etxeratek nabarmendu du ez dagoela "aitzakiarik" espetxe politika aldatzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.