«Espainiako Gobernuak ez du sekula terroristekin negoziatuko. Negoziatzea bestearen arrazoira gerturatzea delako, eta ETAk ez du inolako arrazoirik». Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak «argi eta garbi» eman du mezua Bilbon, Miguel Angel Blancori egindako omenaldian. «Espainiako Gobernuak ez die sekula amore emango terrorismoa ezarri dutenei edo horiei arnasa eman dietenen xantaiei».
Miguel Angel Blancori zein «terrorismoaren biktima guztiei» omenezko hitzak eskaini, 1997an ETAk Blanco bahitu eta hil zuenean «mobilizatu ziren horrenbeste milioi espainiarrei» gorazarre egin eta ezker abertzalearen aurka egin ondoren esan ditu horiek Raxoik. Gogortasun mezua eman du, eta, biktimen gaia hartu duenean, mezua argi uzteko, hizketaldiaren tonua aldatu du. Ez duela atzera egingo adierazi du. Euskal Herriak adiskidetzea behar duela esan, eta «uniformatu nahi dutenen proposamenari» Espainiako Konstituzioaren eta Estatutuaren «aniztasunarekin» erantzuteko eskatu du.
1997. urtean Blancoren heriotzaren inguruan izandako erantzuna eredutzat hartu du eta «nazio batasuna» eskatu du, «demokraziak garaitzen duelako terrorismoa». Hortaz, «demokraten batasuna» proposatu du, «Euskal Herrian terrorismoa eta helburu totalitarioak kanporatzeko».
Memoria ere hartu du hizpide, EITBren Multibox aretoan egindako ekitaldian. Ez duela inork historia faltsutzea onartuko adierazi du Raxoik. «Demokratok soilik kontatuko dugu benetan gertatu denaren egia».
Biktimen elkarteetako ordezkari ugari eta Espainiako Gobernuko zein PPko agintari nagusiak bildu dira Miguel Angel Blanco Fundazioak antolatutako ekitaldian. Raxoirekin batera izan da Jorge Fernandez Espainiako Barne ministroa, Pio Garcia Escudero Senatuko presidentea, Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Antonio Basagoiti PPren EAEko presidentea.
Pedraza eta Raxoi, hotz
Biktimen elkarteetako ordezkarien artean izan da Angeles Pedraza AVTko presidentea. Liskar handiak izan ditu Pedrazak Raxoirekin azken hilabetean JosuUribetxebarria gaixo den presoaren kaleratzearen harira, eta atzo ere agerian geratu zen urruntasuna. Raxoik instituzioetako, PPko zein biktimen elkarteetako ordezkari nagusiak adeitsu agurtu zituen aretora sartu bezain laster. Hotza izan zen, baina, Pedrazari egindako agurra; protokoloak aginduta, gerturatu zen beregana AVTko buruak, aldiz, ez zuen gerturatzeko keinurik egin. Bi musu hotz eman zizkien elkarri, kameren aurrean.
Raxoiren aurretik, Basagoitik, Mari Mar Blancok eta Iñigo de la Sernak hartu zuten hitza. De la Serna FEMP Espainiako udalerrietako federazioaren presidentea da. Blancoren eskutik saria jaso zuen Sernak, 1997ko uztailean «Espainiako herritar guztiek» izan zuten jarrerarekiko esker onez.
Mezu berak eman zituzten guztiek, Raxoik baino gogortasun handiagoz. «Beste matxinada bat behar da orain, fanatismo identitarioa suntsitzeko», adierazi zuen Basagoitik. «Mobilizatu egin behar da, ETAren ideiek irabaz ez dezaten».
ETA «gainditu» ondoren, «politikoki eta sozialki gainditzea» falta dela ohartarazi zuen, berriz, Mari Mar Blancok, eta 1997ko «batasuna» eskatu zuen, «eskandalu penagarria» saihesteko: «ETA justifikatzen dutenek emaitza onak izan ditzakete hauteskundeetan», ohartarazi zuen.
De la Sernak ere «mobilizazioa» bozkalekuetan irudikatuko den esperantza azaldu zuen, «garaileak eta garaituak» egotea «ezinbestekoa» dela ohartarazita. «Ermuko izpiritua ezin da galdu», azpimarratu zuen.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea
Raxoik ohartarazi du ez duela «sekula» negoziatuko ETArekin
Espainiako Gobernuak «xantaiei» inoiz ez diela amore emango ere esan du, Miguel Angel Blanco omentzeko ekitaldianBasagoitik «beste matxinada bat» eskatu du, «ETAren ideiek irabaz ez dezaten»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu