futbola

"Realaren desagerpena eragotzi dugu"

Jokin Aperribai presidentea gustura agertu da aurten kudeaketa ekonomikoan izandako emaitzengatik, eta klubak berriz ere irabaziak izaten hasiko dela iragarri du. 30 milioi euroko zorra zela-eta, Konkurtso Legeari eutsi behar izan zion duela urtebete.

2009ko abenduaren 29a
15:30
Entzun
Jokin Aperribai Realeko presidentea kontent agertu da gaur hedabideen aurrean 2009ari buruzko balorazioa egitean; batik bat, kluba ekonomikoki buelta ematen ari zaiolako egoerari, haren arabera. "Realaren desagerpena eragotzi dugu", adierazi du, eta hurrengo aurrekontuan azkeneko bi urteetan ez bezala etekinak edukiko dituztela iragarri du. Aperribai iazko abenduaren 20tik da Realeko lehendakaria.

30 milioi euroko zorra zela medio, Realak Konkurtso Legeari eutsi behar izan zion duela urtebete pasa, IƱaki Badiola zela presidente. Aperribaik jakinarazi duenez, berriki administratzaile judizialekin lortutako akordioari esker, baliteke urtarriletik aurrera klubak dirua-eta mugitzeko askatasuna izatea atzera.

Realeko presidentearen arabera, klubak duela bi denboraldi 23,2 milioi euro galdu zituen, iaz 7,5 eta hurrengo emaitza 25.000 euroko irabazia izatea espero dute. Dena dela, lehen taldea Espainiako Lehen Mailara igoko balitz, bi milioi euroko zorra egingo luke: 1,5 milioi jokalariei gainsariak ordaintzeagatik eta 0,5 Mallorcari emateagatik Emilio Nsue utzi izanagatik. Bigarren A Mailako liderra da gaur egun Reala.

Urtarrilaren 28an egingo dute akziodunen batzarra, Donostian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.