Rodolfo Aresek esan du Elorrioko erasoak ez direla «kale borroka»

EAJren batzokiari eta auto bati su ematen saiatu dira, eta, ondorioz, lokal bat eta edukiontzi bat kiskali dituzteErasoak gaitzets ditzala galdegin dio Elorrioko udal gobernuak Bilduri

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
«Kale borrokarekin» loturarik ez dute atzo goizaldean Elorrioko (Bizkaia) batzokiaren eta lokal baten aurka izandako erasoek, Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak baieztatu duenez. Ikerketa zabalik dago oraindik, baina, lehen «zantzuen» arabera, gertakariek ez dute loturarik kale erasoekin, Aresek dioenez.

Herrizaingo sailak emandako datuen arabera, burua estalita zuten pertsona batzuek harriak bota zizkioten Elorrioko batzokiari, asteazken goizaldean. 01:20ean izan zen gertaera, Urarka kalean. Herrizaingo sailak dioenez, egoitzako beira batzuk hautsi, eta su hartzeko likidoa bota zuten batzokiaren inguruetan, baina ez zioten su eman, orduantxe herritar bat azaldu zelako.

Gainera, hamar bat minutu lehenago, Elorrion bertan, Ortuburu kalean, lokal bat erre zuten. Musika talde batzuek entseguetarako erabiltzen duten lokala da. Su hartzeko likidoa bota zuten barrura, eta su eman zioten gero. Lokala kiskalita geratu da, Ertzaintzak jakinarazi duenez. Suhiltzaileak sua itzaltzera joan ziren hara, baina ez zuten eraikina hustu beharrik izan.

Horiez gain, eraso gehiago izan zen goizaldean Elorrion. Herrizaingo sailak jakinarazi duenez, zenbait pertsona auto bat erretzen saiatu ziren Lekeriketa auzoan, eta Oidor Berriozabalbeitia kalean edukiontzi bat kiskali zuten. Eraso horiek guztiek elkarren artean loturarik ba ote duten ikertzen ari da Ertzaintza.

Bildurentzako deia

Erasoen aurkako gaitzespen adierazpenak bata bestearen atzean etorri dira. Elorrioko udal gobernuak arbuiorik «sendoena» adierazi du: «Arbuiagarria da gure kaleetan halako bortxakeria pairatu behar izatea, bakean bizitzeko garaia den honetan», esan du Ana Otaduik, Elorrioko alkateak.

EAJren Bizkai Buru Batzarrak ere gaitzespenik eta arbuiorik irmoena adierazi du erasoen inguruan, eta «onartezinak» direla salatu du. Halaber, udalerriko indar politiko guztiei eskatu die gertakariei buruz duten jarrera azaltzeko, bereziki Bilduri.

PSE-EEk, berriz, «zentzugabekeriatzat» jo ditu erasoak, eta esan du ez datozela bat egungo egoerarekin. Mari Carmen Muñoz Bizkaiko PSE-EEko kidearen iritziz, «ganoragaberen» batek egin ditu ekintzok.

Batzokiaren kontrako erasoa gaitzetsi du, halaber, Bizkaiko Aralarrek, «giza eskubideen eta normalizazio prozesuaren aurkakoa delako». Aralarren ustez, gertaera horiek ez datoz bat «ezberdinaren gaineko errespetuarekin» eta bide baketsuak eta politikoak erabiltzeko egin den apustuarekin. Era berean, elkartasuna adierazi die EAJri eta kalteren bat izan duten guztiei. Horrez gain, erasoaren erantzuleei gisa horretako jarrerak albobatera uztea galdegin die alderdi abertzaleak.

Carlos Garcia PPko Elorrioko zinegotziak ere gaitzetsi egin ditu herrian izandako erasoak, eta itxaropena agertu du indarkeriazko erasoak berriro gerta ez daitezen. Garciak agiri batean azaldu du espero duela ekintza «bakan batzuk» izatea, eta egungo egoeran «atzerapausorik» ezizateko esperantza agertu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.