11:19 zirela jaso zuten atzo Darmstadtden, Alemanian, Rosetta zundaren azken seinalea. Ordutik, deus ez. Espero zen moduan. Izan ere, kontrolatutako operazio batean zunda urteotan zelatatu duen kometaren bidean jarria zuten ESA Europako Espazio Agentziako teknikariek: eta huraxe jo zuen, hain zuzen ere, atzo. Han, itzali egin zen, behin betiko.
G7P Txuriomov-Garasimenko deituriko kometari buruz ahalik eta informazio gehiena jaso eta helaraztea izan da zundaren xedea astro horren orbitan 2014ko abuztuan ipintzea lortu zutenetik. Datu ugari helarazi ditu ordutik. Atzo ere argazki ugari igorri zituen, kometara gerturatu ahala. Misioko buru Patrick Martinek, zunda isildu zela ikusita, misioa amaitutzat eman zuen: «Agur, Rosetta. Egin duzu zure lana».
Ikertzaile asko ari dira nabarmentzen zundak —eta Philae laborategiak, zundatik askatu eta kometaratuta egon zen hainbat hilabetez— informazio arras garrantzitsua igorri duela .«Zientziaren aldetik datu pila bat daude eguzki sistema hobeto ulertzen lagunduko dutenak», adierazi zuen atzo ESAko buruzagietako batek, Juan Mirok. Teknologiaren aldetik, zunda kometaraino eraman izana eta han lanean edukitzea ere nabarmentzeko moduko lorpena izan da: «Inork ez zuen orain arte horrelakorik lortu».
'Rosetta'-k amaitu du bere lana
Urteotako espazioko misio deigarrienetarikoa bukatu da. Informazio ugari igorriz esan du adio

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu