Sahararrei paperak emateko arau «bidegabeak» ezartzea salatu du SOS Arrazakeriak

Egoitza baimena lortzeko Mendebaldeko Saharako etorkinei «trabak» jartzen dizkietela adierazi du

Iruñea
2011ko ekainaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Nire gurasoak Espainiako banderapean jaio ziren arren, niri ez didate Espainiako herritartasuna ematen. Sei urtez, eskatu dizkidaten agiri guztiak aurkeztu ditut». Hurma Mohamed Moh Larimen hitzak dira; haren kasua Mendebaldeko Saharako beste edozein herrikiderena ere izan daiteke. Nafarroan egin nahi du bizitza, baina ez diote uzten. Ekainaren 26an epaiketa izango du, kanporatzeko agindu batengatik. Aljeriako pasaportea du, baina Espainiako Gobernuak Nafarroan duen delegazioan ez diote onartzen. Halako kasuen bidegabekeria gogoan, SOS Arrazakeriak Saharako etorkinei Aljeriako edo Mendebaldeko Saharako pasaportea onartzeko eskatu du, arau «bidegabeak» baztertuz.

«Espainia, Mendebaldeko Saharako subiranotasuna izan zuen azken herrialdea izan arren, ez du estatu moduan aitortzen. Sahararrentzat eskubide urraketa bat da», adierazi zuen atzo Irantzu Bergara Nafarroako SOS Arrazakeriako kideak, Iruñean. Egoitza baimenak ematean Espainiako Gobernuak Nafarroan duen delegazioak «trabak» jartzen ditu. «Ziurtagiriak ez dituzte onartzen, nahiz eta Aljeriako eta Mendebaldeko Saharako gobernuek zigilua jarri dieten».

Espainiako herritartasuna lortu nahi duten sahararrek «egoera kafkarrak» bizi behar dituztela adierazi zuen Ion Kepa Soltxaga SOS Arrazakeriako kideak ere.Moh Larimen gurasoek, esaterako, Espainiako herritartasuna dute, baina hari ez diote ematen. Juan Bautista Larraioz Moh Larimen abokatuak azaldu duenez, pertsonei eragiten dien arazo politiko bat da: «Espainiako Gobernuak esan du sahararrei baimenik ez emateko, bestela Marokoren laguntasuna gal dezakeelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.