EAko Xabin Intxaurragak esan du, EA betidanik izan da sakabanaketaren kontrakoa. Hala ere, beraiek ez dutela gai horretan zereginik azpimarratu du. "Horren kudeaketa estatuko administrazioari dagokio, eta berak erabaki beharrekoa da. Bai gure alderdiak eta baita Eusko Legebiltzarrak ere, behin eta berriro eskatu dute sakabanaketa politikarekin amaitzeko". Izan ere, politika horren ondorioak presoen senide eta lagunek jasatzen dituztela azpimarratu du Intxaurragak, eta Karmele Solagurenen kasua ekarri du gogora.
EB Berdeetako Mikel Arana ere Intxaurragaren ildo beretik aritu da. Berak esan duenez, EB-Berdeek ere behin baino gehiagotan esan dute dispertsioarekin amaitu egin behar dela, baina horrekin amaitu dezaketen bakarra PSOE dela iritzi dio. "Arazoa da erabakiak hartzeko gaitasuna nork daukan. Ezker batuak ere behin eta berriro esan du sakabanaketak ez daukala batere zentzurik, batere legaltasunik eta giza eskubideen guztiz kontrakoa dela. Gainera, lehengo asteburuan IUk egindako kongresuan ere ebazpen bat onartu zen, sakabanaketarekin bukatzeko eskatuz. Kontua da, momentu honetan arazo horrekin amaitzeko aukera alderdi sozialistak duela. Guk egin dezakegun gauza bakarra da sakabanaketaren kontrako iritzia azaltzea".
Ramon Etxezarreta PSEkoak esan duenez, berari pertsonalki, sakabanketa betidanik iruditu izan zaio "estrategia oker bat", eta "denbora aurrera joan denenan deskuido handiagoa ematen du". Beraz, bere iritzian, "desiragarria litzateke kartzela politikan aldaketa ematea, eta presoekiko politika aldatzea. Ezinbestekoa da. Nolabait, elkarren artean egon daitezken zauriak arindu egin behar dira, eta keinu esanguratsuak egin behar dira, politika egiteko modu bakarra elkarrizketa dela herritar guztioi jakinarazteko".
Pernando Barrerak hartu du hitza gero, eta hark, planteamentu aldaketa egin du. Esan duenez, Espainiari keinu bezala euskal presoak Euskal Herrira ekartzea eskatzeaz gain, eskubide gisa ere egin behar da eskari hori. Esan duenez, "argi dago kartzela politika eta bere ondorioak ez direla eusko instituzioen erabakia, ez dagoelako erabakigarri izateko ahalmena eta ezta eskuduntza ere", baina, "Madrili begira jarri", eta Espainiako Gobernua "etengabe enplazatu" behar dela azpimarratu du.
Barrenak, gatazkaren konponbidearekin lotuta dagoela uste du dispertsioa: "soluziobideak martxan jarri nahi badira, funtsezkoa izango da presoen auziari tratamendu guztiz desberdina ematea, ez dago inolako soluziorik herri hontan presoen aferari soluziorik ematen ez bazaio. Hasieran duda egin zen politika horrek zer ekarriko zuen, baina urte asko pasa dira, eta hemen denok dakigu zer dagoen".
EAJko Markel Olanok jarraitu du, eta hark ere bere alderdia sakabanaketa politikaren kontra dagoela esan du lehenik eta behin. "Kasu hau giza eskubide urraketa garbi bat da, eta guk halaxe salatu dugu. Hala ere, benetan uste dugu, aldarrikapenak zilegitasun askoz ere handiago hartzen duela giza eskubide guztien urraketa salatzen denean, eta benetan ikusten denean herri honetan egiten diren eraso guztiak direla larriak, eta guztiak politikoki kritikatzen direnean".
Politikarien solasaldia
Sakabanaketa amaitzearen alde azaldu dira Olano, Intxaurraga, Etxezarreta, Barrena eta Arana
Markel Olano (EAJ), Ramon Etxezarreta (PSE), Pernando Barrena (Batasuna), Xabin Intxaurraga (EA), eta Mikel Arana (EB-Berdeak) sakabanaketa politikaren kontra azaldu dira Euskadi Irratian egin duten solasaldian. Intxaurragak eta Aranak salatu besterik ezin dutela egin esan dute, eskuduntza Espainiako Gobernuarena delako. Ramon Etxezarretak keinuak behar direla esan du, eta berari dispertsioa beti iruditu izan zaiola "estrategia okerra". Barrenaren iritziz, keinuak eskatzeaz gain, eskubidea denez ere amaitu beharko luke dispertsioak, eta Espainiako Gobernuari begira ezin dela geratu azpimarratu du. Olanok esan duenez, berriz, giza eskubide guztien urraketa salatzen bada zilegitasun gehiago du aldarrikapenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu