Sakabanaketa «lehenbailehen» amaitu behar dela eskatu dute

Barañainen, 2003an eta 2004an istripuan hildako Sara Fernandez eta Karmele Solaguren omendu dituzte

Atzo, Barañaingo Julian Retegi frontoia, jendez beteta. LANDER FDZ. ARRAOIABE/ARP.
joxerra senar
Iruñea
2011ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Sakabanaketa hitzaren atzean errealitate krudel bat ezkutatzen da. Azken urteetan makina bat agerraldi eta manifestazio egin da egoera salatzeko. Atzo, Barañainen, euskal presoak Euskal Herrira «lehenbailehen» ekartzeko deiadarrari errealitate hori jasaten duten senitarteko eta lagunen testigantza eta ahotsa gaineratu zitzaion. Baita 2003an eta 2004an errepide istripuan hil ziren Sara Fernandez eta Karmele Solagureni omenaldia egin ere.

Etxeratek eta Egin Dezagun Bideak deituta, 17:30ean, Karmele Solaguren bizi zen Barañaingo San Esteban kaletik Julian Retegi frontoiraino manifestazioa egin zuten. 18:30ean, eserleku guztiak betetako frontoian, bi ordu inguru iraun zuen ekitaldia egin zuten, eta bereziki sakabanaketa salatu zuten.

Km 0, sakabanaketaren mila aurpegiak dokumentala eskaini zuten. Astebururo ehunka kilometro egin behar izaten dituzten presoen senideen hogei testigantzatik gora biltzen dira bideoan, eta ñabarduraz betetako istorio horietan, euren bizipenak hezurmamitzen dituzte, sakabanaketak euren bizitzetan zer esan nahi duen azalduz. Bideoaren lau minutuko aurrerapen bat ateaireki.com atarian ikus daiteke, eta hurrengo egunetan dokumental osoa jarriko dute.

Ondoren bertsolariak, dantzak, kantak, Fertxu Izquierdoren olerki bat... Berezia izan zen gutunen eszenaratzea: frontoia ilunpetan, fokuek mahai batean idazten ari zen pertsona bat argiztatu zuten, eta bozgorailuetatik hainbat presok bere egunerokoan senideei idatzitako hainbat gutun irakurri zituzten. Gero, seme bat Galiziako espetxean eta beste bat Valentzian duen Jokin Azkonak ere hartu zuen hitza eta «bihotz-bihotzez» eskerrak eman zizkien laguntza eta elkartasuna adierazten dieten bizilagun guztiei.

Hotz egiten zuen kanpoan, baina frontoiko giroa berotu egin zen batez ere Sara Fernandezen ahizpa Ana Fernandezek eta Karmele Solagurenen senar Jose Luisi lore sorta bat eman zietenean. Jose Luis gaixo egon arren, aulkitik altxatu eta besoa astindu zuen, frontoian zirenek, zutik, txalo zaparrada eskaintzen zioten bitartean. Euren memoria aldarrikatu zuen Ana Fernandezek.

Egin Dezagun Bidea mugimenduko Fran Baldak gaixotasun larriak edo zigorraren hiru laurdenak beteak dituzten presoak etxeratzeko eskatu zuen. Gizartearen gehiengoak mezu horrekin bat egin arren, lanean jarraitzeko beharra azpimarratu zuen, eta urtarrilaren 7an Bilbon egingo den manifestaziora deitu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.