Julen Iriondo. Goienako kazetaria

«Salaberriren istorioa kontatzea beharrezkoa da haren lana balioesteko»

Rikardo Arregi Kazetaritza saria irabazi du aurten, Jon Salaberri hiesaren kontrako ekintzailearen inguruko dokumental batekin

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Andoain
2015eko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Poztasun handiz hartu du Julen Iriondo Martinez de Zuazok (Oñati, Gipuzkoa, 1979) Rikardo Arregi Kazetaritza sari nagusia. Goienako kazetariak azaldu duenez, haren lana aitortzeaz gain, tokiko hedabideen egitekoa ere saritu dute. Jon Salaberri ihesaren kontrako ekintzailearen historia kontatu du hainbat euskarritan.

Nolakoa izan da aldi berean hainbat euskarritan aritzea?

Egia esanda, gure DNAn dago, Goienan badaramatzagu urte batzuk hainbat euskarritarako lan egiten. Alde horretatik, nahiko naturala izan da, baina oraingoan ezberdina izan da, hasierako lan hori eta euskarri askotarako lana Joxek [Aranzabalek] egin duelako, gure komunitateko kide batek. Lan hori biribildu dugu, ikus-entzunerako behar zuen forma emanez.

Iraganeko gai bat jorratu duzu. Kazetariontzat, zailagoa al da aspaldi gertatutako zerbait kontatzea?

Kasu honetan, ez; Joxek egin zuen aurrelan handi bat, eta zabaldu zigun bidea. Egia da, ordea, zailagoa dela orain dela 20 edo 25 urteko gauzak kontatzea, eta, gainera, Arrasaten gertatutakoak; gaur egun badaukagu Goiena, baina garai hartan herriko kontuak herrian geratzen ziren samurrago. Nire kasuan, ezagutzen ez nuen historia pertsonal bat deskubritu dut, eta errealitate bat.

Zergatik da garrantzitsua Jon Salaberriren memoria berreskuratzea?

Haren historia kontatzea beharrezkoa da haren lana balioesteko, eta egin zuen ahalegina goraipatzeko. Bizitzako atzerako kontuan sartuta zegoela, lanean aritu zen beste batzuk hobeto bizi zitezen. Egoera berean zeudenei lagundu zien, gizarteari ere bai, eta heziketa bultzatu zuen. Bakarrik hasi zen, eta beste batzuk joan zitzaizkion biltzen arrimura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.