Flor Diaz. SOS Haur Lapurtuak

«Salaketa jarri eta geldirik egotea kaltegarria da guretzat»

2018ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Bere bi neba haur lapurtuak direla sinetsita dago Flor Diaz, eta SOS Haur Lapurtuak elkarteko kidea da. Familiei babesa emateaz eta kasuak argitzeaz arduratzen dira.

Espainiako Kongresuak tramiterako onartu zuen atzo haur lapurtuen inguruko legea. Bertan, DNA banku baten sorrera aipatzen da, esaterako. Zer iruditzen zaizu?

Lege bat sortzea ongi iruditzen zait. DNA bankua Espainiako Gobernuak kudeatzen badu, ez dut konfiantza handirik, baina auzia arautzearen alde nago.

Zein da haur lapurtuen auzian salaketak jarri izan dituzten familien egoera?

Euskal Herrian jarritako salaketa guztiak artxibatuta daude. Familiek oraindik ez dakite non dauden beren seme-alabak, ezta zer gertatu zen ere. Ez dago familiak babesten dituen legerik. Hori dela eta, jendea ez da ausartzen salaketak jartzera, oso une gogorrak bizi ohi baitira.

Zein egoeratan daude jarritako salaketak?

Gehienak behin-behinean artxibatu ziren. Bizkaian 30 bat kasu daude preskribatuta. Kasu batzuetan epaileak dio delitua dagoela, baina jada ezin da ezer egin. Beste batzuk froga faltagatik daude artxibatuta. Eskain genitzakeen froga guztiak eman ditugu. Ezin dugu askoz ere gehiago egin.

Elkartean, zertan zabiltzate?

Abokatu baten bitartez ari gara kasuak aztertzen. Orain ez da salaketarik jartzen, gelditu egin genuen eta. Beste bide batzuk aztertzen ari gara, salaketa jarri eta denbora batez geldirik egotea kaltegarria baita guretzat.

Gaur egun ere jende asko jartzen al da harremanetan zuen elkartearekin?

Jasotzen ditugu deiak. Batez ere adoptatutako pertsonenak izaten dira, eta beren jatorri biologikoa ezagutu nahi izaten dute. Haur lapurtuen bila dabiltzan familiek ere deitzen digute. Ez dira duela urte batzuk bezainbeste, baina astean bi edo hiru kasu iristen zaizkigu.

Zer harreman duzue instituzioekin? Babesten al zaituztete?

Laguntza eskaerak egiten ditugu, baina ez digute erantzuten. Ikusten dugunez, ez dute ikertzeko asmorik. Hori dela eta, elkarteak arduratzen gara ikerketak egiteaz. Horretarako, zenbait dokumentu behar izaten ditugu, baina ez dizkigute ematen, eta trabak jarri ohi dituzte.

Zer eskatzen duzue?

Behingoz ikertzen has daitezela. Oso argi daukagu errudunak bilatzeak ez duela zentzu handirik; mediku asko hilda daude jada, bizirik daudenak ez dira oroitzen, eta beste hainbatek adin penala gainditu dute. Eskatzen dugu haurrak benetan hil baziren esan dezatela non dauden gorpuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.