2016ko urriaren 25ean, Espainiako Poliziak atxilotu ostean, komisarian hil zen Elhadji Ndiaye, Iruñeko senegaldarra. Handik urtebetera omenaldia egin zuen SOS Arrazakeria elkarteak, Poliziak Ndiaye atxilotu zuen lekuan bertan: Marcelo Zelaieta etorbidea eta Artika karrika gurutzatzen diren gunean, Arrotxapea auzoan. Plaka bat jarri zuten kale kantoi horretan: Bizitza da handiena / Beltzen bizitzek axola dute lelo bikoitzarekin. Bada, gaur salatu dute plaka desagertu egin dela: «Badirudi batzuek ez dutela nahi guk gogoratzea. Zuen gorrotoaren aurrean, guk gure amorru duina eta arrazakeriaren aurkako antolaketa».
Ikusi gehiago
Nafarroako SOS Arrazakeria elkarteak eta Arrotxapea auzoko El Hadji gune autogestionatuak egin dute salaketa, sare sozialen bidez. «Badirudi memoria kolektibotik ezabatu nahi dutela hiriak bizi izan duen polizia indarkeria arrazistaren ekintzarik latzena», adierazi dute. Halaber, salatu dute bien bitartean «kontrol eta eraso arrazistek, hitzordu tranpek eta eskubideen etengabeko urraketek» bere hartan jarraitzen duela. «Ez da kasualitatea. Faxismoak, gorroto arrazistaren bandera erabiliz, gure auzo eta herrietan bere burua ezarri nahi du. Guk ez zaituztegu gure auzoetan onartuko».
Ndiaye hil osteko egunetan Espainiako Poliziak zabaldutako informazioaren arabera, atxilotua ziegara eramateko zain zegoela konturatu ziren gizonak ez zuela arnasarik hartzen. Hura suspertzen saiatu ziren, baina hil egin zen. Autopsia egin zioten gorpuari, eta, Polizia iturrien arabera betiere, ez zuten indarkeria zantzurik topatu. Hala ere, hainbat lekukok grabatutako irudiek zalantzan jarri zuten bertsio ofiziala. Lekuko horien arabera, poliziek konorterik gabe utzi zuten Ndiaye kalean bertan, eta egoera horretan eraman zuten atxilo.