Salatu dute enpresa batek «legez kanpo» etxegabetu nahi duela familia bat Gasteizen

Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi du Desokupacion Legal enpresak familia bat «iraindu» eta «mehatxatu» duela. Gisa horretako enpresen «izaera faxista» gaitzetsi du sindikatuak.

Etxebizitza Sindikatuko kideen agerraldia, Gasteizko Zaramaga auzoan. EUSKAL HERRIKO ETXEBIZITZA SINDIKATUA
edurne begiristain
2023ko irailaren 27a
12:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi duenez, Desokupacion Legal izeneko enpresa batek «legez kanpo» etxegabetu nahi du Gasteizko Zaramaga auzoko etxebizitza batean bizi den familia bat. Salatu du enpresa hori familiari «jazarri» egin zaiola, eta «irainak» eta «mehatxuak» erabili dituela etxetik alde egin dezan. Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak bilera batera deitu du etziko Zaramaga auzoan, gertatutakoa aztertzeko.

2021etik bizi da familia hori Zaramaga auzoko etxebizitza batean, alokairuan, «abusuzko klausulak» dituen kontratu batekin, Etxebizitza Sindikatuak kontatu duenez. 2023ko urtarrilean, jabeak etxebizitza erreklamatu egin zien maizterrei, baina hori egiaztatzeko dokumentaziorik ez zien erakutsi, haiek eskatu arren. Maiatzean, jabea etxebizitzara joaten hasi zen, eta familiari «mehatxu eta erasoak» egiten hasi zitzaizkiola azaldu dute; besteak beste, jabeak trastelekuaren sarraila birritan aldatu zien, eta, sindikatuko kideek salatu dutenez, egun batean txerri baten burua eta hankak agertu ziren etxeko atearen aurrean.

Uztailean, berriz, Desokupazion Legal izeneko enpresa bat harremanetan jarri zen familiarekin, etxetik alde egin zezan «konbentzitzeko» asmoz, eta horretarako «laguntza ekonomiko txiki bat» eskaini zion. Gerora, enpresa horrek itsaskiak jarri ditu etxebizitzaren atean, familiari «irain eta mehatxuak» dituzten audioak bidali dizkio, eta astelehenean bertan bi gizon agertu ziren atarian «mehatxuka», Etxebizitza Sindikatuaren arabera.

Sindikatuko kideek salatu dute familia hori «indarrez» etxegabetzeko arriskua dagoela. «Argi utzi nahi dugu etxegabetze saiakera legez kanpokoa dela, familia etxebizitzan bizi baita kontratuarekin eta alokairua ordainduta», adierazi dute.
«Desokupazioak» egiten dituzten enpresen «izaera faxista» arbuiatu du Etxebizitza Sindikatuak: «Jabe handiek eta, batez ere, jabe txikiek horrelako enpresak kontratatzen dituzte, legez kanpo eta parapolizialki jarduteko». Uste dute «inpunitate osoz» jarduten dutela, instantzia judizialek, indar polizialek eta administrazioek horretarako bidea emanda, eta helburu bakarra dutela: «Errentagarriak ez diren etxebizitza modalitateetatik kanporatu nahi dute proletariotza».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.