«Salatzen dut Martinen eta Segiko gazteen egoera»

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Euskal preso politikoen hurbilketaren alde da UMPko hautetsia, eta, horrez gain, ETAk armak betirako uzten baditu, eta hori nazioartearen kontrolpean, euskal preso politikoentzako amnistiaren alde ere bada.

Oroit gara Kontseilu Nagusiak Aurore Martinen Espainiaratzea gaitzetsi zuela. Nola pasa zen?

Nire eskaera izan zen, eta ez zen gehiengo osoan burutu, baina gehiengoak erakutsi zion sostengua. Aspaldian erakutsia nion elkartasuna, Frantziako legedia urratu ez duen eta Frantzian bizi den baten Espainiaratzea ezin dudalako ulertu. Horrez gain, zehaztu nahi dut ere Anai Arteak galdatutakoari erantzun hau eman dudala: euskal preso politikoen hurbilketaren alde naiz, eta, Justiziaren baldintzetan oinarrituz,eri diren presoen baita zigorra betea dutenen askatzearen alde ere banaiz. Baita ere, ETAk armak betirako uzten baldin baditu, eta hori nazioartearen kontrolpean, amnistiaren alde naiz.

Izpuran itxialdia egin duten Segiko gazteen aurkako euroaginduei begira zer diozu?

Ber ikuspuntua dut. Aurore Martinen egoera eta Segiko gazteena berdintsua da, egoera salatzen dut ere. Espainia aldean atxilotu bazituzten ezberdina izanen zen, ez nuen haien Justiziaren legeetan sudurra sartuko.

Nola ikusten duzu Euskal Herriak xede duen prozesu demokratikoaren gauzatzea?

25 urtez gobernutik kanpoko erakunde batean ari izan naiz lanean; horri begira isilik egoteko betebeharra dut, beraz, ezin dizut erakundearen izenik eman. Hainbat ideiaren alde borrokatu naiz, besteak beste, demokraziaren alde. Guztira, 30 bat herritako demokraziaren alde borrokatu naiz. Argi da Espainiak behar dituela laster aterabideak aurkitu, bortizkeria ezaren printzipioari lotuak izanen direnak. Uste dut Kontseilu Nagusiak nazioarteko harremanen bidez egiten duenarekin, adibidez, guk ere eskua luzatu behar diegula aterabideen lorpena gauzatzen laguntzeko.

ETAren su-etena, ezker abertzalearen mezua, aitzinapausoak badira.

Bai, nahiz beldur batzuk ditudan. Horrelakorik ez dutenak nahi ere badira. ETAren armen uztea osoa ote da? Nik hori ez dakit, eta horregatik naiz Nazioarteko Harreman Taldearen kontrolarekin erabat ados, bortizkeria buka dadin eta has daitezen akordiorako oinarrien finkatzen, XXI. mendearentzat itxuroso diren aterabideak aurkitzeko.

Nazioarteko Harreman Taldeak bi aldeei eskatzen dizkie urratsak egitea, hau da, estatuei ere galdatzen diete bortizkeria bukatzea.

Bistan da, horren kontra naiz borrokatu 25 urtez. 24 hilabetez Aljeriako gerlan bizitu dudana gogoan dut, 27.000 hil utzi ditugu Aljerian! Beraz, bortizkeriarik ez dut nahi, horren aurka naiz, torturaren aurka naiz. Gaur egun, gatazka politikoak badira munduan zehar; horrek erran nahi du jendea eraila dela, torturatua eta hori ezin dut suportatu. Pertsona bakoitzak bi hitz ukan behar ditu gogoan: tolerantzia eta humanismoa. Bi hitz horiekin, guztiok anitz gauza egin ditzakegu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.