Lau loreontzi handitan sartu ziren lau pertsona atzo, eta bakoitzari lur pixka bat bota zioten, 11:00etan, Iruñeko epaitegien aurrean. Herrira mugimenduko kideek egindako ekintza sinboliko bat izan zen. Atzean, bizi arteko zigorrik ez zioen kartel bati heltzen ziotela, Fran Balda eledunak iragarri zuen espetxe politikaren aurka «planto egitera» joan zirela. «Eskandalua da gaur egungo egoera politikoan Espainiako Gobernuak gerra eta mendeku usaina duen espetxe politikaren alde egitea». Baldaren hitzetan, «bakea urruntzeko lege sare hori» onartezina da, eta, horregatik, salbuespenezko neurriak errotik kentzeko eskatu zuen.
Herrira-k egindako protesta hori euskal gizartera zabaldu nahi du, eta, horregatik, estatuaren egungo jokabidearekin ados ez daudela adierazteko mobilizazioak iragarri dituzte hurrengo egunetarako. Alde batetik, bihar, Hegoaldeko hiru hiriburutan elkarretaratzeak egingo dira epaitegien aurrean: 12:00etan Bilbon, 12:30ean Gasteizen eta 13:00etan Iruñean. Donostian ez da egingo. Bestetik, «immobilismoari ezetz esateko», maiatzaren 19an Euskal Herriko plaza guztiak betetzeko deialdia egingo dute.
Herrirak azaldu duenez, gaixotasun larria duten hamalau preso daude gaur egun espetxeetan, eta horietako batzuk «urrutirago» eraman dituzte. Gainera, «bizi guztiko zigorraren alde egin dute» jada 24 urtetik gora espetxean daramaten presoei zigorra luzatuta. «Kartzelaldia betetako presoei bizi osoko zigorra aplikatzen dien Justiziak ez du zilegitasunik Euskal Herrian». Presoen oinarrizko eskubideak errespetatzeko eskatu dute.
Salbuespen neurriak errotik erauzteko exijitu dute Iruñean
Bizi osoko espetxe zigorraren kontra «planto egitera» dei egin du Herrira-k biharko eta maiatzaren 19rako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu