Salbuespena amaitzea eta euskal presoak etxeratzea, Sareren IX. batzar orokorraren ardatzak

Plataformak Araian egin du urteroko batzarra. Euskal gizarteari dei egin diote legedi arrunta aplikatzeko eskaerarekin bat egin dezan.

SARE HERRITARRA
Sare Herritarraren IX. batzar orokorrean parte hartu duten kideak. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko martxoaren 9a
13:00
Entzun

Sare Herritarra plataformak IX. batzar orokorra egin du gaur, Aiaran (Araba), bi eztabaidagai ardatz hartuta: salbuespen politiken amaiera eta euskal presoen etxeratze prozesua. Bi helburu, baina bateragarriak. «Salbuespenei amaiera emanez, hainbat hamarkada espetxean daramatzaten presoei etxera biderako ateak irekiko dizkiegu», azaldu dute.

Plataformak jakinarazi duenez, salbuespena amaitzea eskatzeko eta etxeratze prozesua errazteko zenbait dinamika sustatzea babestu dute batzarrean, eta horiek Sareren hamargarren urteurrenaren testuinguruan hauspotzea da xedea; hain zuzen, 2014ko ekainaren 15ean egin zuten plataformaren aurkezpen publikoa, Donostian. Hala, euskal gizarteari dei egin diote aldarri horiekin bat egin dezan, «bere eskuetan har dezan preso, iheslari eta deportatuen afera konponbidean jartzeko giltza».

Azken urteetan zenbait pauso eman dira; besteak beste, lehen graduak amaitzea eta presoen euskal herriratze prozesuan aurrera egitea. Halere, Sarek uste du urratsak nahi baino «mantsoago» ari direla iristen. Izan ere, adierazi du Euskal Herriko erakunde politiko eta judizialek diseinatu beharko luketela «euskal presoak etxera itzultzeko ibilbidea». Horrek, baina, «erabaki politiko ausart eta zuzenak» eskatzen ditu, azaldu dutenez. Hartu beharreko erabakietako bat litzateke salbuespen politikak amaitzea, bai espetxe arloan, bai arlo judizialean. «Legezkotasun arrunta aplikatzea eta askatasunik gabeko pertsonei dagozkien eskubideak errespetatzea eskatzen dugu, besterik ez».

Horiek hala, beharrezkotzat jo du gizarte gisa erantzutea, legedi arrunta aplikatu dadin, presoen etxerako bidean aurrera egiteko: «Pribilegiorik gabe, baina baita salbuespenik gabe ere». Bide horretan, urtarrileko manifestazioan eginiko aldarrikapenen «arrakasta» nabarmendu du, argudiatuta milaka lagunek egungo egoera amaitzeko «ilusioa eta esperantza» azaldu zutela.

Izan ere, Sareren ustez, agerikoa da euskal gizartearen «zati handi bat» elkarbizitzarako «gogoz» dela, eta hori lortzeko konpromisoa duela: «Indarkeriaren zikloa itxi nahi dugu, eta egiazko baketzea lortu, elkarbizitza eta konponbidea ekar ditzan». Plataformaren ustez, horrek bermatuko luke indarkeria zikloa ez errepikatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.