Salhaketa: «Presoak pilatuta dauzkate, eta gabeziak daude elikaduran eta higienean»

Iruñeko espetxearen egoera aztertu du elkarteak Nafarroako Parlamentuan. Gobernua premiatu dute espetxe eskumena bere gain hartzera.

Salhaketako kideak, gaur, Nafarroako Parlamentuan. IÑIGO URIZ / FOKU
Salhaketako kideak, gaur, Nafarroako Parlamentuan. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2025eko apirilaren 29a
19:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Iruñean preso direnen egoerak ez du hobera egin makrokartzela zabaldu zutenetik. Kontrara: «gabeziak» detektatu dituzte lekuari, elikadurari eta higieneari dagokienez. Zenbait presok salatu dute tratu umiliagarria eman dietela eta batzuetan baita jipoiak ere. Salhaketa elkarteak errealitate hori aztertu du Nafarroako espetxe egoeraren mapatzea izeneko txostenean. Gaur aurkeztu dute Nafarroako Parlamentuan.

Libertad Frances, Leire Pueyo eta Andoni Burguete Salhaketako kideek eman dituzte azalpenak, eta, 2024. urtean jasotako datuen bitartez, agerian utzi dute makrokartzelen eredua ez dela onuragarria presoentzat. «2012. urtetik, hau da, kartzela zabaldu zenetik, izugarri igo da preso kopurua Iruñean», esplikatu du Francesek.

414

Zenbat lagun dauden preso Iruñeko espetxean. 2024ko abenduko datuen arabera, 414 preso daude Iruñeko espetxean. Ia denak (%94,4) gizonezkoak dira. Horiez gain, Nafarroako 246 herritar daude Espainiako Estatuko beste kartzela batzuetan. Gehienak, Logroñon eta Zueran.

Zehazki, txostenean jaso dutenez, 414 pertsona daude gaur egun Iruñeko espetxean preso. Horietatik %94,4 gizonak dira, eta %5,6 emakumezkoak. Gehienak (%74,4) bigarren graduan daude, eta beraz, ezin dira atera kartzelaren eremutik. Presoen %17,19 daude hirugarren graduan edo «erregimen irekian». Horrek esan nahi du lo egiteko orduetan soilik egoten direla espetxean. Francesen esanetan, erregimen irekiaren ehunekoak «dezente handiagoa» izan beharko luke, «presoen gizarteratzea eta ongizatea bermatzeko».

Salhaketako kideen ustez, gainera, espetxe handien eredua oztopo da bide horretan. «Iruñeko kartzela hamabost modulurekin zabaldu zuten, baina, gaur egun, sei baino ez dituzte zabalik; hortaz, presoak pilatuta dauzkate, eremu handi bat hutsik daukaten arren», azaldu du Pueyok.

Leku faltari lotuta, beste hainbat arazo ere antzeman ditu Salhaketak: «Gabeziak daude elikadurari eta higieneari dagokienez». Zehazki, nabarmendu dute dieta bereziak falta direla: «Ez dago aparteko dietarik diabetesa edo bestelako gaitzak dituztenentzat».

%74,4

Zenbat preso dauden bigarren graduan, ehunekotan. Iruñeko kartzelan, preso gehienak bigarren graduan daude, hau da, ezin dira espetxetik atera ezertarako. Soilik %17,19k dute hirugarren gradua: horiek kartzelan lo egin behar dute, baina kanpoan ematen dute eguna.

Espetxe arduradunek higienea zaintzeko kit batzuk ere banatzen dituzte, baina horiek «erabat eskasak» direla uste du Pueyok: «Presoak behartzen dituzte behar dutena kartzelako ekonomatuan erostera».

Espetxeko funtzionarioen tratua askotan «iraingarria, umiliagarria eta bortitza» dela adierazi du Burguetek: «Zenbaitek salatu dute immobilizazio sistema mekanikoak erabiltzen dituztela, era umiliagarrian miatzen dituztela eta, batzuetan, jipoiak ematen dizkietela».

Buru osasunean, hobera

Txanponaren beste aldean, osasun mentalari eskainitako arreta nabarmendu dute Salhaketako kideek: «Hobera egin du nabarmen, Nafarroako Gobernuak espetxe osasunaren eskuduntza bere gain hartu zuenetik». Hori dela eta, gobernua premiatu dute lanean jarraitzera, «espetxe eskuduntza osoa lortzeko».

Espainiako Gobernuari, berriz, zera eskatu diote: Nafarroako presoak Iruñeko kartzelara lekualdatu ditzala, gizarteratzeko baliabideak handitu ditzala eta tratu txarren salaketak fiskalizatu ditzala, halako praktikak errotik erauzte aldera. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.