Ez da ezustekorik gertatuko. PSE-EEk Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutua garatzen duen dekretutik isunak kentzeko lege proposamena egin, eta hurrengo egunean gehiengoa izango duela gelditu da agerian. Hala, PSE-EEk, PPk eta UPDk ildo horretan dagoen erdibideko zuzenketa bat onartu zuten atzo bertan Eusko Legebiltzarrean. Atzoko pausoak ez du eragin praktikorik, baina agerian uzten du legea betearazteko balio duten isunak kentzeko ahalmena izango dutela unea heltzen denean.
Duela urte bat talde berberek onartu zuten legez besteko beste proposamen bat berretsi dute atzoko akordioarekin. Kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak babestu eta sustatzeko beharrekoak diren neurriak aplikatu beharra onartu arren, «neurri hertsatzaile eta zehatzaileak» kendu behar direla gaineratu dute adostutako testuan.
«Neurri hertsatzaile» horiek gogor kritikatu zituzten aipatu taldeetako legebiltzarkideek. UPDko Gorka Maneirok, ekimena aurkeztu zuen taldeak, «atxikimendu askea» ahalbidetzen dituzten politikak eskatu zituen, herritarrek «askatasunez» erabaki dezaten zer hizkuntza erabili nahi duten. «Alde batean, klaseko sektarioenak eta talibanak daude, eta, bestean, hizkuntza askatasuna defendatzen dugunok». «Atxikimendu askearen» alde egin zuen Vicente Reyes PSE-EEko legebiltzarkideak ere.
Iñaki Oiarzabal PPkoak inposiziorik gabeko politiken alde egin zuen. «Existitzen ez diren hizkuntza eskubideak asmatzen dituzue, eta zuek nahi duzuen hizkuntzan hitz eginarazi nahi diguzue». Bide batez, puntu hori PSE-EEren gobernua ahalbidetzeko akordioan jasota dagoela gogorarazi zuen.
Hankaz gorako mundua
Hizkuntza eskubideei buruz hitz egitean munduari «buelta ematen ari» direla leporatu zien Mikel Basabe Aralarreko Legebiltzarkideak PP, PSE-EE eta UPDri, eta gaztelera babesa behar duen hizkuntza balitz bezala aurkezten dutela. Legea bete behar duten saltokien inguruko ideiak nahastea leporatu zien Garbiñe Mendizabal EAJko legebiltzarkideak, eta euskara bultzatzeko ekimenetan atzera egitea leporatu zion PSE-EEri.
Isunak kentzeko ideia gogor kritikatu zuen EAko legebiltzarkide Juanjo Agirrezabalak, eta legeen betearazpena bermatzeko duen garrantzia gogorarazi zuen, tabakoaren legea adibidetzat jarrita. EBko Mikel Arana estatutua bere horretan mantentzearen alde agertu zen, «tresna egokiena izan ez arren» aurrera egiteko balio izango duelako.
Saltokiei isunak kendu ahal izateko gehiengoa, agerian
Kontsumitzaileen Estatutuko isunak kentzearen alde agertu dira PP eta UPD, PSE-EErekin batera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu