Iruñeko Alde Zaharreko Jai Batzordeak salatu du debeku sorta bat iritsi zaiela auzoko hainbat elkarteri, San Fermin Txiki festa hasteko bi egun falta direla. Etxabeetan eta lokaletan egitekoak ziren kultur ekitaldi ugari debekatu ditu udalak, isunekin mehatxu eginez. «Dagoeneko kontratatuta eta egitarauan iragarrita zeuden ekitaldiak debekatu dituzte, baita aurreko urteetan arazorik gabe eginikoak ere», azaldu du Jai Batzordeak ohar batean.
Debeku hauen helburua «auzoaren bizitzarako garrantzitsuak diren zenbait espazio zigortzea» dela uste dute Jai Batzordeko kideek. «Bitartean, udal honek baimendu eta, are, sustatu egiten ditu auzoan askoz eragozpen, zarata, zikinkeria eta lo egiteko arazo handiagoak eragiten dituzten jarduerak, gaueko ordutegian eta urte osoan». Hori dela eta, «konponbide bat» galdegin diote Iruñeko Udalari, «jada programatuta zeuden jarduerak egin ahal izateko». Are: Jai Batzordea «prest» agertu da udalarekin eta gainerako eragile guztiekin biltzeko «eta adostasun puntuak bilatzeko».
Oraingoz, debekuengatik protesta egiteko xedez, Dantzazoroa izeneko dantza saio herritarra antolatu dute auzokideek. Udaletxe plazan eginen dute, bihar, 12:00etan.
EH Bildu: «Ez da lehen aldia; UPNk ohitura du auzokideen eta kolektiboen jarduna oztopatzeko»
EH Bilduko zinegotzi Maider Belokik «onartezintzat» jo du auzoko eragileek Iruñeko Udalak San Fermin Txikirako antolatutako jarduerak debekatu izana. «Udalaren zeregina izan beharko litzateke bizilagunei erraztasunak eta laguntza ematea, hirian hain ezagunak diren jai hauek normaltasunez bizi ditzagun». Hala ere, uste du hau ez dela UPNk herri mugimenduen kontra egin duen lehen aldia: «UPNk ohitura du auzokideek eta kolektiboek antolatutako kultur ekitaldiak oztopatzeko». Horregatik, EH Bilduk «babes osoa» adierazi die Alde Zaharreko bizilagunei eta auzoko jai batzordeari.
Zurekin Nafarroa: «Sektarismoz eta autoritarismoz jokatzen du Ibarrolak»
Debekuaren berri izan eta berehala, UPNren udal gobernu taldearen jokabidea txarretsi du Zurekin Nafarroa koalizioak. Ezkerreko taldearen aburuz, «ulergaitza» da debekua «azken unean» jakinarazi izana, «ekitaldiak jada kontratatuta zeudela, eta aurreko urteetako berberak izanda». Koalizioko zinegotzi Txema Mauleonek Ibarrola alkateari egotzi dio «autoritarismoz eta sektarismoz» jokatzea, «batez ere, hurbileko ez dituen kolektiboen aurka». Hain zuzen, Mauleonek nabarmendu du ez dela kasualitatea «trabak soil-soilik talde jakin batzuei jartzea, eta ez besteei».
San Fermin Txikiren auzian, gainera, «era traketsean» aritzea leporatu dio UPNri: «Udalak hasieran esan zuen ez zituela komunak jarriko, eta, bizilagunen kexen ostean, atzera egin behar izan zuten. Debeku hauek bide oker beretik doaz». Mauleonen aburuz, «tamalgarria» da UPNk «polemikak sortu behar izatea», jai batzordeekin hitz egin ordez. «Auzokideei entzunda eta haiekin batera lan eginda, akordioetara iritsi beharko litzateke udala, festak normaltasunez egin ahal izateko eta ahalik eta eragozpen, hondakin eta zikinkeria gutxiena sortzeko».
Geroa Bai: «Jakina da UPNk ezinikusia diola kolektiboen parte hartzeari»
Geroa Bairen udal taldeak ere gogor kritikatu du Iruñeko Udalaren erabakia. «Ez da onargarria San Fermin Txiki jaiak hasteko 48 ordu falta zirela egitarauko jarduerak debekatzea; are gutxiago jarduera horiek egiteko baimena aspaldi eskatu zela kontuan izanik». Koalizioko zinegotzi Mikel Armendarizek esan du udalak ez duela «irizpide garbi eta koherenterik» erakutsi Iruñeko Alde Zaharrean ekitaldiak baimentzeko tenorean: «Jarduera batzuk debekatzen ditu, baina urte osoan beste ekitaldi asko sustatzen ditu Alde Zaharrean, eta horiek are eragozpen gehiago sortzen dizkiete bizilagunei».
Armendarizek udala premiatu du auzoetako kolektiboekin «elkarlana sustatzera», horiek egiten duten lanak «hiriaren bizitza soziala eta kulturala aberasten baitu». Salatu du, hala ere, «jakina» dela UPNk «kolektiboen parte hartzeari dion ezinikusia, azken orduan heldu diren debeku hauek agerian uzten dutenez». Hori dela eta, «okerra zuzentzeko» eta «programatutako jarduerak baimentzeko» galdegin dio Geroa Baik Ibarrola alkateari.