Euria eginagatik jendez lepo bete zen atzo gauerdian Donostiako Konstituzio plaza, hain zuzen ere, danbor hotsek lagunduta hiriko bandera igoz jaiari hasiera emateko. Alkatearena izaten da bandera mastan jartzeko ohorea, baina atzo Odon Elorzak Martin Berasategi sukaldaria izan zuen lagun. Izan ere, Donostiako Urrezko Danborrarekin sarituko dute gaur eguerdian Berasategi.
Konstituzio plazako ekitaldiarekin festari hasiera eman ostean, dozenaka danborrada dabiltza gaur egun osoan zehar, gauerdi arte, Donostiako kaleetan.
Eguraldi txarra dela-eta aterako zenetz zalantzan egon den arren, azkenean, haurren danborrada egitea erabaki du Donostiako KTE Kultur eta Turismo Ekintzetxeak, eta umeen danbor hots eta algarek bete dituzte kaleak eguerdi partean.
Donostian ez ezik, Azpeitian ere eguerdian da abiatzekoa haurren danborrada.
Atzo, ordubete beranduago atera ziren Azpeitiko danborradako taldeak, hain zuzen ere, euriaren emanagatik. Atzeratzea eta ibilaldi laburragoa egitea erabaki zuten antolatzaileek.
Gipuzkoako bi herri horietan ez ezik, Nafarroan Tafallan, Zangozan, Andosillan eta Lakuntzan ospatzen dute San Sebastian. Danborrada, ordea, azkenekoan baizik ez dute egiten.
Jaiak