Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak bideokonferentzia bidezko bilera bat egin du autonomia erkidegoetako presidenteekin; besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzakoarekin eta Maria Txibite Nafarroako Gobernukoarekin. Laugarrena, alarma egoera ezarri zuenetik. Gaurkoan, eskatu die koronabirusaren proban positibo ematen duten gaixo asintomatikoak bakartzeko balio dezaketen azpiegitura publiko eta pribatuen berri emateko apirilaren 10erako. Egun, proba gehien-gehienak sintoma nabarmenak dituztenei egiten dizkiete. Erkidegoetako hainbat presidentek material gehiago eskatu dute, eta babestu egin dute alarma egoera apirilaren 26ra arte luzatu izana.
Sanchezek adierazi du igandean eta astelehenean milioi bat test iritsiko direla, eta eskatu du zerrenda bat egiteko hotel, kongresu etxe, aterpetxe eta kiroldegiekin, eta zehazteko horien prezioa. Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak azaldu du test azkarrek, besteak beste, «galbahe azkar bat» ezartzeko balioko dutela erietxeetan eta zahar etxeetan. Hurrengo fasea «oinarrizkotzat» jo dute kasu berriak «goiz detektatnko».
Urkullu lehendakariari ez zitzaion gustatu Espainiako Gobernuak ekonomiaren jarduera aste batzuetarako etetea Eusko Jaurlaritzarekin adostu gabe. Gaur, Sanchezi eskertu egin dio neurri horrekin «malgutasunez» jokatu izana. Nabarmendu du «normaltasunera itzultzeko plan bat» zehaztu beharra dagoela orain, eta «agertoki guztiak aztertu» behar dituztela. Bestalde, azaldu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «joera aldaketa eta aldeko perspektiba» daudela egun. Igandean emandako datuen arabera, Euskal Herrian 11.701 gaixok eman dute positibo koronabirusaren proba eginda, eta 693 hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez.
Quim Torra Kataluniako Gobernuko presidentea kritiko agertu da Sanchezekin, eta eskatu dio Generalitatearen esku uzteko osasun arloko eskumenak. Haren ustean, Madrilek «konfinamendu osoa» luzatu egin beharko luke: «Ez dugu nahi Espainiako Gobernuak berriz hanka sar dezan. Ezin dugu onartu».
Espainiako Gobernuko presidenteak Europari buruz ere hitz egin du. Datorren astean elkartuko dira Eurotaldea eta Europar Kontseilua. «Uste dugu inoiz ez bezalako elkartasun mekanismo bat abiatzeko garaia dela, eta zor publikoaren mutualitate moduko bat izatekoa ere bai, nahiz eta denbora baterako eta mugatua izan», adierazi du.