Sanchez eta Casado, kanpainan

Pedro Sanchez Espainiako presidentea Donostian izan da, eta Pablo Casadok Bastidan egin du ekitaldia. EAJk ere Donostia aukeratu du, eta EH Bilduk, Agurain. Ahal Dugu Durangon izan da.

Pedro Sanchez eta Idoia Mendia, Donostian. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
2020ko ekainaren 28a
14:11
Entzun

Uztailaren 12ko hauteskundeen kanpainaren lehen igandea izan da gaurkoa, eta Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta Pablo Casado PPko presidentea Euskal Herrian izan dira. Donostian egin du PSEk bere ekitaldia, EAJk bezala, eta PP Bastidan (Araba) izan da. EH Bilduk ere Araba aukeratu du: Agurain, zehazki. Ahal Dugu Durangon izan da (Bizkaia)

EAJ

EAJk Tabakaleran egin du gaurko ekitaldi nagusia, Tabakaleran. Iñigo Urkullu lehendakarigaiak, Andoni Ortuzar EBBko presidenteak eta Bakartxo Tejeria Gipuzkoako zerrendaburuak parte hartu dute. Urkulluk berriro Rocio de Meer Voxeko Espainiako diputatuak ostiralean jasan zuen erasoa izan du hizpide: "Onartezina da 2020an giza eskubide batzuen urraketengatik kexatzea eta beste batzuen aurrean alde batera begiratzea edo bultzatzea edo txalotzea". Etorkizuna bakean, elkarbizitzan eta giza eskubideetan oinarrituta eraikitzera deitu du.

Osasun krisia ere gogoan izan du Urkulluk, eta horren aurrean bi eredu daudela esan du: "Irtenbideak bilatzen lagundu duten herritar eta erakundeena", eta "kexatzeko eta errudunak bilatzeko zailtasunak jartzen saiatzen den gutxiengo zaratatsuarena". "Euskadi zutik jartzeko" berak defendatzen duen gobernu ereduak bakarrik balio duela gaineratu du.

Adierazi du kulturgintzan "berrikuntza eta etorkizuna" eragin dituela, "sormenaz eta enpleguaz gain", eta gaineratu du orain "kultura eta haren industria altxatzen" lagundu behar dela, "emandakoa itzultzeko unea delako".

Andoni Ortuzarrek bost R-ez mintzatu da, eta gazteleraz hizki horrekin hasten diren bost hitz azpimarratu ditu bere diskurtsoan: errespetua, errekuperazio ekonomikoa, autogobernua indartzea, erantzunak eta erantzukizuna, eta uztailaren 12an EAJrentzat "borobila" izango den emaitza bat lortzera deitu du.

EH Bildu

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ironia baliatu du botoa eskatzeko. Duela gutxi Cayetana Alvarez de Toledo PPko bozeramaileak EH Bilduri botoa ez emateko eskatu du ondoren, Otegik esan du: "Behar al duzue beste arrazoirik botoa EH Bilduri emateko?". Agurainen nabarmendu du EH Bilduk bota zuela Javier Maroto Gasteizko alkatetik eta gero Kongresutik kanpo utzi zutela. "EH Bildu autoritarismoaren aurkako horma da". Eta iragarpen bat egin du: "Araban eserlekurik gabe utziko dugu Vox".

Mikel Otero Arabako zerrendaburuak, berriz, nabarmendu du "EH Bildu dela boto berde, ekologista eta jasangarri bakarra", eta lurraldea "suntsitu" nahi dutenen eta "defendatu" nahi dutenen artean erabaki behar dela esan du. AHTaz, esan du lurraldea "suntsitzen duela baina ez duela batzen", eta Arabako lautadan "izugarria" dela azpiegitura horren eragina.

Ahal Dugu

Miren Gorrotxategi Ahal Dugu-ko lehedakarigaia Durangon izan da, Iñigo Martinez zerrendakidearekin batera. Ohartarazi du eskuinak gobernatzen badu kalte egingo diela zerbitzu publikoei, eta aurrekontuetan osasun publikoa blindatzearen alde mintzatu da. Gainera, Osakidetzako lehen arretako zerbitzua eta erizaintza indartu behar direla esan du. Horretarako datozen lau urteetan 4.000 milioi euro gastatzea proposatu du, "eguneroko osasun arazoei eta izan litezkeen osasun krisiei aurre egiteko".

PSE

Donostian izan da Pedro Sanchez Espainiako presidentea ere. Koronabirusaren aurrean ez lasaitzera deitu du, eta alderdiei batasuna eskatu die Espainia berriro eraikitzeko. "Euskadiko" osasun sistema nabermendu du Sanchezek, "publikoa eta kalitatezkoa", eta Idoia Mendia lehendakarigaiak esan du autogobernua PSOErekin garatu dela gehien, "baita PSE Jaurlaritzan dagoenean ere". " Ez dago hori esan dezakeen beste alderdirik", adierazi du, eta arazoak konpontzeko erreminta bakarra akordioak direla gaineratu du.

PP

Pablo Casado PPko presidentea Bastidan (Araba) izan da, eta baina Madrilera begirako diskurtsoa egin du batik bat. Esan du Sanchezek zergak igoko dituela. "Beste behin, langabezia, zergak eta dirua xahutzea izango da Sanchezen errezeta. Etxeko marka du, Zapaterorena, errekuperazio ekonomikoaren ukazioarena". Carlos Iturgaiz lehendakarigaiarekin eta Carmelo Barario Arabako zerrendaburuarekin izan da ekitaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.