Eusko Legebiltzarreko txirrinak jo artean eta ondoren, azalpenak emateko gogotsu hartu du BERRIA Anduezak (Eibar, Gipuzkoa,1979), bere bulegoan. Ezagun da eroso dagoela Alderdi Sozialistaren abagune honetan. Eusko Legebiltzarrerako bozetarako gertu dago, uste den baino gehiago aurreratuz gero ere.
Hizkuntza gutxituen normalizazioa hizpide izan da aste honetan Europako Batasuneko Kontseiluan eta Espainiako Kongresuan, Alderdi Sozialistak sustatuta. Nola segitu duzu gaia?
Niretzat pozgarria da Kongresuan euskaraz berba egitea posible izatea. Gauza bera Europan. Alderdi Sozialistak konpromiso osoa du gai honekin, eta eman behar diren aurrerapausoak eman beharko dira. Argi dugu zaindu egin behar ditugula gure hizkuntzak, eta, ekimenak gure eskutik baldin badatoz, hobe.
Zergatik orain?
Jakin badakit aurreko legealdian landu zela gai hau, eta garrantzitsuena da orain unea iritsi dela martxan jartzeko.
Pedro Sanchezek inbestidurarako abertzaleen babesik behar ez balu, onartuko zen?
Aurretik landu da gai hori, eta nik uste dut ez dagoela loturarik.
Alderdi Sozialistak ekinaldi horiek sustatu izana begi onez ikusita, ez duzu uste kontraesana dela Kongresuan euskaraz egin ahal izatea eta, aldi berean, alderdi sozialista gidari den erkidegoan, Nafarroan, zonifikazioa mantentzea?
Eraginkorrak izateko, gauzak patxadaz eta seriotasunez hartu behar ditugu, eta aztertu. Uste dut posible izango dela Nafarroan, konpromisoa badagoelako gobernuan. Alderdi Popularra eta Vox dauden tokietan zailagoa izango da.
Eusko Legebiltzarrak gehiengoz onartutako udal legearen kontrako epaia ere eman zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Zer jarrera du PSE-EEk?
Epaiak errespetu osoz hartzen ditut, eta uste dut gogoetan harago joan behar dugula. Eraginkorrak al dira gure hizkuntza politikak? Euskara sustatzen al dute? Ez naiz ari bakarrik jakiteaz, baizik eta hura erabiltzeaz. Belaunaldi gazteek euskararekiko duten atxikimenduak behar lukeen indarra dauka? Guraso askok esfortzu handiak egiten ditugu gure seme-alabek euskaraz egiteko, eta askotan ikusten dut,nahiz eta etxean euskaraz egin, gero ez daukatela euskara erabiltzeko atxikimendurik. Arazo potoloa daukagu; heldu behar zaio, eta behar diren politikak martxan jarri.
Zer proposatzen duzue?
Euskara normalizatzeko politikak inposizio moduan erabili dira askotan. Uste dut pertsona askori euskararen kontrako jarrera eragin diotela, eta hori izugarri kaltegarria izan da euskararentzat. Horri buruz gogoeta egin behar dugu. Nola egingo dugu hizkuntza politika? Nola eramango dugu aurrera? Nolako eraginkortasuna daukate? Azterketa sakon bat behar dugu eraginkortasunaren inguruan.
Eta hizkuntza eskubideen urraketarik ez duzu ikusten?
Eskubide linguistikoak bermatu egin behar dira, eta alderdi sozialista eskubide horien defentsan egongo da beti. Beste gauza bat da hizkuntza eskakizunen eztabaida. Guardian, Barakaldon, Zestoan eta Azpeitian hizkuntza eskakizunak berak izan behar dira?Uste dut malgutasun bat behar dela, eta lanketa horretan hizkuntz eskakizunmistoen ibilbidea eraginkorra izango dela. Nire ustez, batzuek, bere betebeharra ondo egiteko, ez dute behar hizkuntza eskakizun bera berba egiteko edo idazteko.
Hizkuntzaren gaiak eragin du eztabaida, besteak beste, Hezkuntza Legean. Nola doa negoziazioa?
Gobernuko bazkidearekin berbetan gabiltza akordio bat lortzeko. Ez dugu bat egiten aurkeztutako lege proiektuaren testuarekin, eta zuzenketak jarri behar genituela esan genuen. Hori ituntzen ari gara EAJrekin, bion artean aurkezteko zuzenketak. Ez dakit beste alderdiek ere zer jarrera hartuko duten gure zuzenketak ateraz gero. Guretzat oso garrantzitsua izango litzatekeituna sinatu genuenak akordioan egotea.
Nondik doaz zuen zuzenketak?
Eskola publikoa indartu egin behar dugu, ikasleen emaitzak hobetzeko bideak hobeto zehaztealortu behar dugu, eta ikasleak hiru hizkuntzetan treba daitezen bermatzea nahi genuke.
Euskararen inguruko kezka adierazi duzu. Defendatzen duzuen eredu horrek bermatuko luke euskararen ezagutza eta erabilera bermatzea?
Euskadi asko aldatu da soziologikoki. Atzerritik jende asko etorri da. Eskola publiko indartsu bat eduki nahi badugugure ikasleek emaitza onak izateko, kontuan hartu behar dugu dena. Eredua egoera guztietara egokitu behar da.
Politika orokorreko eztabaidan, gizarte gaietan jarri zenuen azpimarra. Osakidetzarekin kezkatuta agertu zinen.Osasun Sailak, itxaron zerrendak laburtzeko, ebakuntzak osasun etxe pribatuetara bideratzea indartu asmo du; hori bat al dator PSE-EEren ildoekin?
Aspalditik aldarrikatzen ari gara osasun sistemaren eredua aldatu behar dela. Gure eredua harago doa. Pandemiak oso gogor jo du osasun sistema, eta horren ondorioak begi bistan dauzkagu. Epe labur eta ertaineko neurriak hartu behar direla ez dugu zalantzan jartzen, baina begirada harago jarri behar dugu.
Non?
Giza osasun sistema batera jotzea proposatzen dugu; guk gizakidetza deitzen diogun sistemara. Euskadi zahartzen ari da. Osasun eta zainketa sistemak lotura bat eduki behar dute. Trantsiziorako eredu bat behar da. Osasun eta zainketa sistema egokitu egin behar da. Hori hasi behar dugu aldatzen gaurdanik, etorkizunerako prestatzeko. Enpleguaren arloan, gainera, aukera oso onak ditugu eremu berri bat irekitzeko. Eta esan genuen Osakidetzako langileen baldintzak hobetzeko elkarrizketa soziala ere praktikan jarri behar dela.
Espainiako Kongresuan onartutako etxebizitza legeari helegitea jarri dio Eusko Jaurlaritzak, Alderdi Sozialistaren botoen kontrako bidean.
Gure ustez, ez dago batere arazorik bi legeen artean. Eusko Legebiltzarrean guk bultzatu genuen etxebizitza legea, 2015ean, eta EAJk aurka bozkatu zuen. Orduan esaten genuen beste tresna batzuk behar genituela lege hori garatzeko, eta Espainiako Gobernuak sustatuko legeak, adibidez, tentsio handiko guneak izendatzeko aukera jasotzen du, neurriak hartu ahal izateko. 2015eko legeari hainbeste kritika egin ostean, ez dugu ulertzen orain hura goratzea eta Madrilgoa salatzea. 2015eko etxebizitza lege hura ona zen orduan, eta ona da orain; zera egin behar da: aplikatu.
Osoko bilkuraren ostean, EAJko Joseba Egibarrek eta Andoni Ortuzarrek berak ere galdetu zuten ea oraindik gobernukide zineten edo oposizioan ote zeundeten.
Ez daude ohituta kritikak entzutera. Ni beti kritikoa izan naiz, idazkari nagusi izendatu nindutenetik. Alderdi sozialistak ahots propioa daukala esaten diet. Gure helburua da Euskadin lidergoa edukitzea, eta horretarako gure eredua mahai gainean jartzen dugu.
Akordioa ez da arriskuan, beraz.
Ez dut uste. Zintzoki hitz egiten dugu gobernu kontseiluetan. Gobernu akordioa daukagu, eta gure hitza betetzen dugu.
Iñigo Urkulluk konbentzio konstituzionala eratzea proposatu du, lurralde auziari irtenbide bat ematen saiatzeko. Zer bide ikusten diozu?
Ez dugu uste gai horrek lehentasuna duenik. Gizartea benetan kezkatzen duten gaietan egongo gara gu, eta oraintxe bertan ez dago kezka nagusien artean lurralde auziei lotutako gairik, baizik eta gizarte arazoei lotutako politikak. Uste dut lehendakariaren proposamenak ez daukala ibilbiderik.
Estatutu berri bat jorratzeko lantaldea aktibatzeaz ere jardun zen Urkullu.
Estatutu berri baterako lantaldean iritsi ginen akordio zabal batera, baina gero baztertu egin zuten, haiek gai identitarioetara jo zutelako. Uste dut orain ez dela une egokiena horrelako lantalde bat berriz abiatzeko, hauteskundeetara goazelako laster, baina hurrengo legealdian zabaltzen bada, lantaldean egoteko prest gaude. Borondate politikoa baldin badago estatutua berritzeko aipatutako gizarte gaien gainean, gu hor egongo gara. Beste bide bat hartu nahi badute, haiek egin beharko dute bide hori.
Badirudi PPko Alberto Nuñez Feijook zail izango duela inbestidura aurrera ateratzea. Sanchezek alderdi abertzaleen babesa ere behar du, eta nazioen auzia mahai gainean jarri dute denek. Hurrengo legealdian gaia erdigunean izango dela dirudi. Nola kokatuko da PSE?
Uste dut azken legealdian ez dugula eztabaida bat bera ere eduki gai honen inguruan legebiltzarrean. Beraz, keinu politiko gisa ikusten dut orain Madrilen gai honi buruz dagoen eztabaida. Gure lehentasunetan ez dago, baina eztabaida sortzen bada, hor egongo gara.
Zure ustez, Sanchez izango da berriz presidente?
Argi eta garbi dut Sanchezek lortuko duela inbestidura aurrera ateratzea, eta lehen inbestidura saioa, Feijoorena, porrota izango dela. Guk ibilbide orria argi daukagu, eta gizarte gaietan dago: etxebizitza, osasuna, hezkuntza, gazteen emantzipazioa... Euskadin gai sozialak arriskuan daudenean, euskal gizarteak Alderdi Sozialistaren alde bozkatzen du, gu bermea garelako gai horietan.
Zer iruditu zitzaizun Andoni Ortuzarren eta Carles Puigdemonten Waterlooko argazkia?
Uste dut harremana izan dutela azken urte hauetan JxCk eta EAJk. Uste dut EAJ bere lekua egiteko aukera bilatzen ari zela inbestidurara begira, eta burua ateratzeko aukera ikusi dutela.
JxCek eta ERCk amnistia eskatu dute.
Itxoin egin behar dugula iruditzen zait, ea Feijooren inbestidura nola ateratzen den, eta gero beste epe bat hasiko da gure inbestidurara begira. Terminoak argitzen ditugunean iritzia emango dugu, baina, oraintxe, espekulazioak baino ez ditugu. Eta badirudi batzuk eskuineko alderdiei mesede egiten ari zaizkiela.
Felipe Gonzalezez eta Alfonso Guerraz ari al zara? Liburu aurkezpen batean elkarrekin azaldu dira, eta, besteak beste,Alderdi Sozialistako disidentea izatea egotzi diote Sanchezi.
Pikutara bidali dute Alderdi Sozialistari izan behar zioten leialtasuna. Gonzalez presidente izan zen, eta Guerra idazkari nagusi, baina horrek ez ditu sekula alderdiaren gainetik jarriko, eta kargu haiek eduki izanak ez du esan nahi alderdiari kalte egiteko eskubidea dutenik. Ez ditut entzun Voxen eta PPren kontra egiten, ezta lan erreforma edo etxebizitza legea defendatzen ere.
Itzal luzeko agintariak izan dira, ordea, batez ere Espainian. Uste duzu Sanchezen inbestidurarako negoziazioak baldintza ditzaketela?
Alderdi sozialistako beste federazioetako arduradunekin hitz egin dut, eta sumatzen dute gero eta eragin txikiagoa dutela.
PSOEk alderditik bota berri du Nicolas Redondo. PSE-EEko idazkari nagusi izan zen, zu orain bezalaxe.
Ni orain hemen nago, baina utziko diot idazkari nagusi izateari, eta hori gertatzen denean badakit non egongo naizen. Ez banago ados alderdian hartzen diren zenbait erabakirekin, eztabaida horiek alderdi barruan egingo ditut. Alfredo Perez Rubalcabak beti esaten zuen hori: barruan hitz egin hitz egin behar den guztia, baina kanpoan alderdia defendatu. Garen eta izan garen guztia alderdiari zor diogu, eta hauek uste dute alderantziz dela. Alderdiak ez die ezer zor, alderantziz baizik: haiek zerbait izan badira, alderdiarengatik izan dira.
Joango zinateke No me llame Ternera filma ikustera (Ez nazazu dei Ternera)?
Bai, noski. Zer terminotan eginda dagoen jakitea garrantzitsua da gero iritzia emateko. Pertsona askok ikusi gabe eman dute iritzia, eta ez zait ondo iruditzen.
Eta bi sarrera izanez gero, nor gonbidatuko zenuke?
Halakoak nire emaztearekin ikustea gustatzen zait [Miriam Marquezekin]; balantzan oreka lortzen laguntzen dit. Patxadaz, etxean, harekin ikustea gustatuko litzaidake. Sarri egiten dugu hori, eta gauzak bere tokian jartzen laguntzen dit.
Eneko Andueza. PSE-EEko idazkari nagusia
«Sanchezek lortuko du inbestidura aurrera ateratzea»
Erronka nagusiak gizarte gaietan daudela uste du Anduezak, eta horretarako politikak garatzea da Alderdi Sozialistaren lehentasuna. Nazio auzia ez dago gizartearen kezken artean, haren aburuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak