INDARKERIA MATXISTA

Sanferminetako eraso sexistak salatzeko, manifestaziora deitu dute biharko Iruñean

Asteartean hiru gizon atxilotu zituzten ukituak egiteagatik. Bilbon bikotekideari labana sartzea egotzita atxilotutako gizona kartzelan sartu dute.

Sanferminetako sexu erasoen kontrako bilkura bat, jaiak hasi aurrekoa. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
2017ko uztailaren 12a
10:16
Entzun

Gora Iruñeak eta Indarkeria Sexistaren Kontrako Emakumeen Plataformak manifestazio batean parte hartzera deitu dute ostegun honetarako, sanferminetan izan diren sexu erasoak salatzeko. Asteartean salaketa gehiago izan dira, eta Erasorik ez erantzunik gabe eta Gora borroka feminista lelopean deitu dute manifestaziora.

Iruñeko babes zibilerako batzordeak asteazkenean jakinarazi du bezperan sexu eraso bat eta bi abusu kasu salatu zituztela Iruñean. Hiru gizonezko atxilotu dituzte beste horrenbeste salaketaren ondorioz. Ukituak egiteagatik atxilotu dituzte bi, eta beste bati sexu eraso delitua leporatu diote, ukituez gain indarkeria erabiltzea egotzita. Protokoloa martxan jarri du Iruñeko Udalak, eta laguntza eskaini die salaketa jarri duten emakumezkoei.

Zorrotzan (Bilbo), berriz, bikotekideari labana sartu ziolakoan atxilotutako gizonezkoa espetxeratu egin dute. 19 urte ditu, eta astelehen arratsaldean atxilotu zuten. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, astearte arratsaldean sartu zuten kartzelan, 20:30 aldera, epailearen esku geratu eta ordu batzuk geroago.

Emakume zauritua, berriz, Barakaldoko Gurutzetako ospitalean dago oraindik, labankadaren zauriak sendatzeko. Erasoa igande goizean gertatu zen, eta gizonak ihesari eman zion eguerdian. Biktima bizilagun batzuen etxean hasi zen ate-joka, eta haiek lagundu zioten larrialdi zerbitzuak tokira agertu ziren arte. 

Gizonak egun bat baino gehiago eman zuen desagertuta, baina astelehen arratsaldean Poliziak aurkitu egin zuen, eta atxilotu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.