Espainiako Gorteetarako hauteskundeak Kanpaina

Sanferminetan, gutxieneko zerbitzuak

Alderdiek goiza baliatu dute mezuak zabaltzeko, Iruñea festa giroan dela. Geroa Baik «neurri zehatzak» eskatu ditu emakumeen alde

Geroa Baiko kideak, atzo, Iruñean. Erdian, Maria Solana Kongresurako zerrendaburua. BERRIA.
xabier martin
2023ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Hauteskunde kanpaina eta sanferminak uztartzeko lanak ez dira makalak. Nafarroako alderdi politikoek ez dute nahi bozen zezenak aurrean eraman ditzan, baina, egunotan, gutxieneko zerbitzuetan daudela esan daiteke. Atzo goizean helarazi zituzten beren mezuak eta azalpenak, Espainiako Gorteetan egotearen garrantzia azpimarratzeko.

Geroa Baik esplikatu zuen «neurri zehatzen alde» dagoela emakumeen eskubideetan aurrera egiteko, «jarrera alderdikoiei eta lubakian sartuta dagoen eskuinari aurre eginez, edozein aurrerapen sozialen aurka baitaude». Maria Solana Espainiako Kongresurako koalizioaren hautagaiak ziurtatu zuenez, «Nafarroan urte askoan egin den lan etengabea, zorrotza eta juridikoki zein sozialki bideragarria ez da egin Espainiako politikagintzan, berdintasun alorrean».

Ohartarazi zuen nabarmen geratu direla aurrerapen sozialen kontra «lubakietan irmo dauden eskuin politikoa eta mediatikoa», baina Espainiako Gobernua osatu duten bi alderdiei ere erreparatu zien: «Benetako aurrerapen zehatzak lortzeko lankidetzan egotetik urrun egon dira, beren artean lehian ibili baitira feminismoaren bandera nork bere egingo erakutsi nahian».

EH Bilduko Kongresurako Nafarroako zerrendaburu Bel Pozuetak, berriz, larrialdi ekologiko eta klimatikoaz aritu zen: «Iazko suteak, aurtengo lehortea eta euri jasak dira egoera horren froga. Behar-beharrezkoa da trantsizio energetiko eta ekologikoari ekitea, irizpide justu eta demokratiko batzuen gainean».

Zein dira irizpideak? «Gure ohituretan eta ekoizpen moduetan aldaketak sustatzea, energia berriztagarrien garapen demokratikoa sustatzea, eta merkatu energetikoan esku hartzea». Horrez gain, EH Bilduren arabera, «beharrezkoa» da neurri gehiago hartzea lehortea ikusirik: «Biztanleen eta nekazaritzaren hornidura bermatu behar da, eta beharrezko eraldaketak eta berrikuntzak bultzatu behar dira nekazaritza sektore kaltetuenetan». Era berean, «energia enpresen gaineko kontrol eta zehapen mekanismoak» gogortzeko eskatu zuen koalizio abertzaleko hautagaiak, eta elektrizitatea merkaturatzeko «enpresa publikoak sortzea».

Javier Remirez PSNko Senaturako zerrendaburuak ere adierazpenak egin zituen, goizean. Gazteei zuzendu zitzaien, esateko haren alderdiak «guztientzako aukera guztien» alde egiten duela. «Emantzipatzeko eta bizitza proiektu bat edukitzeko» neurriak hartuko dituzte sozialistek, Espainiako Gobernuan baldin badaude. Hala hitzeman zuen.

Enrique Maia UPNko Kongresurako zerrendaburuak ere botoa eskatu zuen, «Nafarroako kohesioari eusteko, iparraldetik hegoaldera». Haren ustez, UPNren eta «gainontzeko alderdien arteko desberdintasun handiena» finkatzen du batasun horren defentsak.

Sumarreko Kongresurako hautagai eta egungo europarlamentari Idoia Villanueva, berriz, Europako ereduaz aritu zen; PPko hautagai Sayasek «gutxi batzuen pribilegioak» defenditzen dituela salatu zuen, eta Sumarrek «askoren sufrimendua» hartzen duela kontuan. Nafarroako hautesleei zehaztu zien Espainiako Kongresuko eserleku bat PPrekin jokatuko duela Sumarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.