"Argi dugu Donostiako gune ekologiko txiki horretan horrelako proiektu bat gauzatzea ez dela hiriarentzat beharrezkoa. Horregatik, hori bultzatzeko benetako arrazoiak zeintzuk diren hausnartzerakoan, zaila zaigu Donostian ematen ari den turistifikazio prozesua lagunduko duen beste mugarri bat besterik ez dela pentsatzea. Eta horrek pizten du gure kezka". Hala esan du June Aretxalde Bizilagunekin turismo ereduarekin kezkatutako donostiarren plataformako kideak gaur goizean, Donostiako Aquariumaren ondoan. Bizilagunekin plataformako ordezkariak Haritzalde elkarteko Bitoren Pamiesekin eta Ekologistak Martxan-eko Amat Jainkoa belaontziko koordinatzaile Clara Megiasekin batera egin du agerraldia. Haien atzean, badiaren erdian, talde ekologistaren belaontzia zegoen, turistifikazioaren aurkako mezuarekin. Eta atzerago, Santa Klara uhartean, pankarta bat jarri dute goizean goiz. Honako leloa du pankartak: Irla babestu, Stop turistificación.
Bizilagunekin plataformako ordezkariak esan duenez, uztailean egin zen Donostiako azkeneko udalbatzarrean PSEko eta EAJko zinegotziek proiektuaren ingurumen-inpaktua neurtzeko azterlan bat bideratzeko proposamenari uko egin zioten. "Gaur egun lanak aurrera doaz eta oraindik ez dago ondorio horiek baloratuko dituen dokumentu ofizialik". Udalak eraikina egokitzeko 270.000 euroko inbertsioa egingo du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 200.000 euro jarriko ditu. Oraingoz, proiektuaren aurrekontu osoa 1,4 milioi eurokoa da.
[youtube]https://youtu.be/I73jTYBRmOs[/youtube]
Protestaren deitzaileek ohartarazi dute Cristina Iglesiasen itsasargiko proiektuak ekar dezakeela uhartera pertsona kopuru askoz handiagoa iristea. "Beldur gara bertara iristen diren garraio zerbitzuak edo horniketarako behar diren azpiegiturak handitzeko interes eta aheleginek gora egitea. Horrek, bertako ekosistema eta intereseko fauna espeziak arriskuan jarriko lituzke. Uhartean badira egun mehatxaturiko espezieen euskal katalogoan dauden espezieak: belatz handia, kaio beltza, kaio iluna edo ubarroi mottoduna. Baita bertako ekosisteman bakarrik bizi diren espezieak: Urgulleko sugandila, adibidez".
Agerraldia egin duten eragileek dei egin diete Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Kantauriar Kostetako zuzendaritzari Santa Klara uhartearen babesa bermatzeko, eskura dituzten legezko tresnak aktibatuz. Uhartea biotopo babestua izendatzeko eta uharteak dituen garraiobide, sarbide eta azpiegiturak etorkizunean ez handitzeko "konpromiso mugagabe bat" modu ofizialean sinatzeko ere eskatu diete erakundeei.