Santander bankuaren aurkako ekintza bat egin dute Azpeitian

Centre Delasen ikerketa baten arabera, Santander bankuak inbertsio ugari ditu armagintzan. Elkar-ekin herri mugimenduak «beharrezkotzat» jo du Israelekin «kolaboratzen» duten enpresei presio handiagoa egitea.

Elkar-ekin herri mugimenduaren ekintza, Santander bankuaren Azpeitiko egoitza batean. ELKAR-EKIN
Elkar-ekin herri mugimenduaren ekintza, Santander bankuaren Azpeitiko egoitza batean. ELKAR-EKIN
2025eko ekainaren 19a
11:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Elkar-ekin Azpeitiko herri mugimenduak Santander bankuaren aurkako ekintza bat egin du bart, Israelekin daukan loturagatik. Mila kilo obra hondakin bota zituzten banketxe hark Arana auzoan daukan egoitzaren sarreran, eta hildakoak irudikatzeko panpinak ere jarri dituzte inguruan. Horretaz gain, porlanez zikindu dituzte kristalak eta dirua ateratzeko makina, eta kartelak ere ipini dituzte.

Centre Delasek berriki eman du Santanderren bankuaren eta Israelen arteko loturaren berri. Bakeari eta armagabetzeari buruzko ikerketak egiten ditu Kataluniako elkarte horrek, eta, azken asteetan argitaratu duten lan batean, Santander bankuak armagintzan dituen inbertsioak azaleratu ditu. «Bankuak finantzatzen dituen armagintzako enpresek interes handiak dituzte Israelen, eta arma horiek zuzenean erabiltzen ari dira Israel Palestinan egiten ari den genozidioan», salatu du Azpeitiko herri mugimenduak.

Era berean, Elkar-ekin mugimenduak gogorarazi du Israelekin «kolaboratzen» duten enpresak eta banketxeen egoitzak daudela herrian, eta «beharrezkoa» dela horiei presio handiagoa egitea: «Israel Palestinan egiten ari den genozidioa ondorio latzak uzten ari da, eta hildako pertsonen, zauritutakoen eta goseak daudenen kopurua hazi besterik ez da egin». Gainera, Israelez gain beste erantzule «zuzeneko» batzuk ere badaudela azpimarratu du: «Munduko gobernuetako gehienak, Europar Batasuna eta enpresa boteretsuak».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.