FORU HAUTESKUNDEAK

Sanzek zalantzan jarri du Barcinak akordioak lortzeko duen gaitasuna

Nafarroan aldaketa "gogorra" eman daitekeela ohartarazi du Nafarroako presidente ohiak. Barcinak erantzun dio akordioak egin ahal izateko "botoak behar" direla.

Yolanda Barcina eta Miguel Sanz, iazko ekitaldi batean. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
2014ko urriaren 30a
13:29
Entzun

SER irratian egindako elkarrizketan, Nafarroako eta UPNko presidente ohi Miguel Sanzek nabarmendu zuen UPNrentzat "anbizioa eta akordioak egiteko gaitasuna" duen hautagaia gustatuko litzaiokeela, Nafarroak "Foru Hobekuntzaren eta [Espainiako] konstituzioaren bidean" jarrai dezan, eta zalantza agertu zuen Yolanda Barcina egungo presidente eta hurrengo hauteskundeetarako UPNren hautagaiak "akordioak egiteko gaitasunik" duen. Edonola, Barcinaz gain beste hautagairik ez dela aurkeztu aitortu zuen Sanzek, "agian inork ez duelako interesik, edo agian [Barcinarekin] lehiatzeko biderik ez dagoelako".

Sanzek, gainera, PSNrekin eta PPrekin akordioak egiteko beharra dagoela azpimarratu zuen, horren ezean sor daitekeen egoeraz ohartaraziz: "Dinamika berean jarraitzen badugu eta UPNk 26 boto adosteko aukerarik ez badu, Nafarroan nahiko aldaketa gogorra eman daiteke zentzu politikoan, sozialean eta lan arloan". Alde horretatik, "Foru Hobekuntzan eta Espainiako konstituzioan sinesten duten" alderdiek "elkarri bizkarra ematen" ez jarraitzeko deia egin zuen Nafarroako presidente ohiak. Sanzek, gainera, Barcinarekin arlo politikoan "harreman gutxi" duela nabarmendu zuen, "batere ez ez esateagatik".

Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak garrantzia kendu nahi izan die Sanzen adierazpenei, "normalak eta naturalak" direla esanez. Adierazi duenez, Sanzek "denok onartzen ditugun adierazpen generikoak egin ditu", hurrengo hauteskundeetarako akordio beharrari dagokionez. Edonola ere, akordioak egiteko "botoak behar" direla nabarmendu du Barcinak, eta Sanzi "agian hori ahaztu zaiola" gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.