Sara Majarenasen alabak ezin izan du Intxaurrondon hasi ikasturtea

Ikastolako irakasle eta langileek bilkura egin dute, «bidegabekeria» salatzeko. «Berea ez den ingurune batean eskolaratuko dute»

Intxaurrondo ikastolako irakasle eta langileek atzo egindako elkarretaratzea. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
enekoitz telleria sarriegi
2017ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Donostiako Intxaurrondo ikastolak atzo abiatu zuen ikasturte berria. Baina «hutsune» handi batekin, bertako irakasle eta langileek salatu zutenez: Izar txikiak matrikulatuta eta berez hala dagokion hezkuntza zentroan hasi behar luke ikasturtea, baina ez da hala izango. Sara Majarenas euskal presoaren alaba Alcobendasen (Madril, Espainia) eskolaratu beharko dute, «eskola berri batean, eta berea ez den ingurune batean», atzo salatu zutenez.

Joan den martxotik etenik gabeak izan dira hura eta haren ama Donostiara ekartzeko eskaerak. Martxotik daude Madrilgo harrera etxe batean biak. Abuztu amaieran hainbat irakaslek egin zuten agerraldia Izarrek bere herrian ikasteko duen eskubidea aldarrikatzeko. Beste ehunka lagun bildu ziren irailaren 3an Sara Izarrekin Etxera plataformak Donostian egindako manifestazioan. Baina Izarrek Madrilen hasi beharko du ikasturtea.

«Gure nahia eta desioa zen Izar gaur gurekin izatea, baina ez da posible izan. Izar, 2016-2017 ikasturtetik, gure ikastolan matrikulatuta dago. Eta, martxoan, kartzelatik ateratzean, gurekin hastekoa zen. Asmo horrekin, aurreko abenduan, ikastola, ikaskideak eta bere irakaslea izango zena ezagutzera etorri zen», jakinarazi zuen atzoko elkarretaratzean Intxaurrondo ikastolako zuzendari Alaitz Guridik. «Zoritxarrez» guztia «korapilatu» egin zela ekarri zuen gogora, eta «lehendik latza zen egoera are gehiago zaildu» zela. Urtarrilean eraso matxista bat jasan zuen—aitak labanaz eraso zion haurrari—, eta martxoan bertan sartu zituzten Majarenas eta Izar Madrilgo harrera etxean. Bigarren graduan dute orain euskal presoa. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Jose Luis Castrok apiriletik du Izarri buruzko txosten psikologikoa, baina, orain arte, eskaera guztiak ukatu dizkio Majarenasi.

Txosten psikologikoa

«Gaur egun amarekin dagoen arren —eta hori pozgarria da—, Madrilen, Alcobendasen, eskola berri batean eskolaratuko da. Berea ez den ingurune batean. Izar, ordea, intxaurrondotarra da, haur euskalduna, eta haren garapen piskosozialerako garrantzitsua da eskola euskaldun batean eskolaratzea», nabarmendu zuen atzo Intxaurrondo ikastolako zuzendariak.

Izan ere, Jose Luis Castro epaileak apiriletik eskuartean duen txosten horrek dio osatzeko prozesu psikologikoan aurrera egin ezinik gelditu dela Izar. Hasiera-hasieran amarekin egotea zuela premiazkoena, baina, une batetik aurrera, jende gehiago ere behar duela inguruan. Sara Majarenasen ama Kontxi Ibarretak ere salatu izan du hori: «Bere inguruko pertsona gehiagorekin izan behar luke harremana, konfiantza izaten hasteko. Baina, han, horrela, ezin du».

Eta hori da, hain zuten, Intxaurrondo ikastolako irakasle eta langileek salatu zutena: «Gaur, irailak 7, Intxaurrondo ikastolak ikasturte berriari hasiera eman dio, eta Izar ez dago. Gaur, irailak 7, Intxaurrondo auzoko festak hasten dira, eta Izar ez dago. Bere ingurua, familia eta lagunak hemen ditu, eta hemen egon behar du. Horregatik eskatzen dugu Izar lehenbailehen gure artera etortzea. Izar ikastolara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.