Euskal presoak

Sarek bizikleta itzulia egingo du uztailaren 23tik 25era

Hirugarren urtez, bizikleta bira antolatu du Sarek. Koronabirusaren ondorioz, hiru egunera murriztu dute egitasmoa, aurten, eta hiru etapa independente izango ditu. Azken egunean, Hego Euskal Herriko lau espetxeetara egingo dute martxa.

Iazko bizikleta martxa, Luhuson (Lapurdi). GUILLAUME FAUVEAU
2020ko uztailaren 2a
12:15
Entzun

Azken bi urteetan udako bizikleta itzulia antolatu du Sarek, eta aurten ere hala egin dute. Gaur goizean aurkeztu dute hirugarren bizikleta bira Bego Atxa eta Iñaxio Oiarzabal presoen eskubideen aldeko plataformako kideek. Uztailaren 23an Lekunberrin (Nafarroa) hasi, eta Hego Euskal Herriko lau espetxeetara egindako martxarekin amaituko dute hilaren 25ean. Tartean, Urduñatik Durangora egingo dute bidea, eta, hortaz, Bizkaitik eta Arabatik ere pasatuko da Sareren bizikleta martxa.

Aurten, ordea, koronabirusaren ondorioz, zenbait neurri hartu dituzte Sarekoek; besteak beste, hiru egunera murriztu dute itzulia, eta etapak bereiziak izango dira. Lehen egunean, Lekunberritik Hernanirako (Gipuzkoa) bidea egingo dute han bildutakoek; 24an, berriz, Urduñatik Durangora (Bizkaia). Azken egunekoa da berritasunik handiena. Hego Euskal Herriko lau hiriburutatik abiatu, eta alboko kartzeletara egingo dute martxa: Bilbotik Basaurira, Gasteiztik Zaballara, Iruñeko kartzelara ere joango dira, eta Donostiatik Martutenera.

Egoera "zaila"

Koronabirusan martxa baldintzatu bai, baina are larriagotzat jo dute COVID-19ak euskal presoengan izan duen eragina. Oiarzabalek eta Atxak oroitarazi dute pandemiaren ondorioz presoak hiru hilabetez egon direla bisitarik egin gabe, eta «ezjakintasuna eta ziurgabetasuna» izan dela nagusi. Batetik, senideek eta presoek ez dutelako aukerarik izan erraz komunikatzeko, eta, bestetik, kartzeletako «gabezia higienikoaren eta masifikazioaren ondorioz», beldurra ere eduki dutelako. Urrunketa amaitzeko ere eskatu dute agerraldian: «40 urte luze daramate senideek sufrimenduzko egoera hau pairatzen, bizia errepidean arriskatuz».

Euskal Herrian zigorra betetzeko aukera dagoela irudikatzeko egingo dituzte uztailaren 25eko lau etapak, hain justu. Izen emateko webgune bat ere jarri dute martxan: www.sare.eus.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.