Sarek 'motxiladun umeen' galdera gizarteratu nahi du: «Noiz arte?»

113 haurrek dute gurasoren bat preso; haien egoerari buruzko txosten bat osatzen ari da Sare. «Urruntzea behin betiko amaitzeko ordua da»

Araitz Zubimendi, Oihana Mujika eta Teresa Toda, atzo, Sarek Donostian egindako agerraldian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
2017ko ekainaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskal presoen adingabeko seme-alabek sakabanaketa eta urruntze politikaren ondorioz bizi duten egoera aztertzen ari da Sare. 113 haur eta nerabe dira. Oraindik ez dute prest txostena, baina ume horiek zaintzeaz arduratzen diren senide eta tutoreekin izandako harremanetan, atera dute ondorio bat: «Elementu komun ugari daudela ohartu gara. Adibidez, 3 urtetatik aurrera, umeek etengabe galdera hau egiten dutela: 'Noiz aterako da nire ama/aita espetxetik?'». Horixe da, besteak beste, lanaren helburua: haur horien egoera «ikusgarri» egin, eta galdera hori gizarteari zabaltzea: «Noiz arte?».

Araitz Zubimendi, Oihana Mujika eta Teresa Toda preso ohi eta Sareko kideek azaldu dutenez, 102 haurrek preso dute aita edo ama; bederatzik, bi gurasoak dituzte espetxean; eta beste bi haur amarekin bizi dira kartzelan —Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster presoen alaba, Picassenten (Herrialde Katalanak); eta Sara Majarenasen alaba, Madrilgo zentro batean—. Euskal iheslarien seme-alabei buruzko datuak ere jaso nahi dituzte, «zailagoa» izan arren. Adingabeen datuak bildu dituzte presoen kasuan, baina gogoan izan dituzte hemezortzi urtetik gorakoak ere. Mujika: «Badaude gazteak aita edo ama sekula kalean ezagutu ez dutenak».

«Motxiladun umeek» —duela gutxi estreinatu zen presoen seme-alabei buruzko film bat: Motxilaren umea—, presoen urruntzearen ondorioz, asteburu askotan gaua autoan, trenean edo bestelako garraiobideetan pasatu behar izaten dute. Zubimendik: «Horrek atsedenik eza, estresa eta istripu arrisku handia dakar». Haur eta nerabe askok «600, 800 edo 1.000 kilometrora» dituzte gurasoak, eta, gehienez ere, hilean bitan ikusten dituzte.

Horrez gain, adingabe horiek gurasoen falta dutela azaldu zuen Zubimendik. OME Osasunaren Mundu Erakundeak esandakoa gogorarazi zuen: «Haur eta nerabeek gurasoen maitasun, arreta eta kontaktua behar izaten dute. Lehentasunezko beharra da ziurtasun emozionala». Askok, ordea, zigor luzeak dituzte aurrean: 30 urte artekoak. Zubimendi: «Ume horiek gurasorik gabe bizitzera kondenatu nahi dituzte, eskubide hori ukatzen ari zaizkie. Haien osasun fisiko-emozionala eta ongizatea kontuan hartuta, irtenbidea bilatu behar zaio egoerari. Orain behar dituzte ondoan gurasoak, ez 30 urte barru».

Ekainaren 17an, Donostian

Orain, datuekin, psikologoen laguntzarekin eta adingabe horien senide eta tutoreen zuzeneko testigantzekin osatu nahi dute euskal presoen seme-alaben inguruko txostena, gero erakunde eta eragileei aurkezteko. «0 kilometro-ren ordua da, urruntzea behin betiko amaitzekoa», Zubimendiren hitzetan. Horretarako, ekainaren 17an Donostian egingo duten ekitaldira joatera deitu dute: «Sarek haur hauen guztien ahotsa izan nahi du, bizipenak dituztela erakutsi, ikusgarri egin, eta haien eskubideen alde lan egin».

Ibon Iparragirre presoaren egoeraz ere mintzatu zen Teresa Toda Donostian —gaitz larria du: hiesa, C3 estadioan—. Pneumonia diagnostikatu ondoren, Gregoria Marañon erietxean ingresatu zuten asteartean. Toda: «Berehala behar du konponbidea Iparragirreren egoerak. Kalean egon behar du, orain». Etxerat-ek gaur emango ditu xehetasun gehiago.

Mobilizazioak larunbatean

Fernando Alonso Abad euskal presoa Euskal Herriratzeko eskatzeko, manifestazioa egingo du Sarek Sestaon (Bizkaia). 20 urte daramatza kartzelan Alonsok; A Laman (Galizia) dute orain, ia 600 kilometrora. Larunbatean izango da mobilizazioa; 13:00etan, La Pelako bidegurutzean.

AEM Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduak, berriz, elkarretaratzea egingo du Lezamako udaletxe aurrean, larunbatean, 12:30ean. Babesa adierazi nahi diote horrela Iñaki Bilbao presoari: gose greba mugagabean da igandetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.