Euskal Presoak

Sarek presoen auzia askatzeko eta elkarbizitzan sakontzeko dinamika berria abiatu du

Azken urteetan eman diren urratsak gogoan izanik, ziklo berri baten beharra azaleratu du Sare dinamika herritarrak. Madrilgo Gobernuaren eraketa berria ikusirik, «korapiloak askatzeko» aukera dagoela esan dute.

Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko maiatzaren 22a
11:34
Entzun

Azken bi urteetan gizarteak erakutsi duen konpromisoa goraipatu du Sarek eta «kontsentsu anitz» lortu izana baikortzat jo dute. Hala ere, Frantziako eta Espainiako estatuek egin dituzten pauso «xumeak» indartzeko eta sendotzeko beharra ikusten dute oraindik, eta panorama politiko berriak sortu dituen aukerak baliatzea izanen dute ardatz ondoko ikasturteetan.

Salbuespenezko espetxe politika amaitzeko «bide izan» nahi du Sarek. «30 urte dira, euskal presoei eta euren senideei urrunketa politika ezarri zitzaienetik, eta egun, tamalez, martxan jarraitzen du. Neurri honek oraindik ere ehunka seniderengan du eragina, Euskal Herrian, jendartearen zati baten gainean sufrimenduzko egoera bat mantenduz». Egoerari aurre egiteko egin dituzten urratsei esker, kontsentsu «zabala lortu» dute eremu anitzetan. Maila politikoan, alderdien gehiengoak salbuespenezko politikarekin amaitu nahi duela oroitarazi dute, eta bide horretan hainbat tokitan hartu diren mozioak goraipatu dituzte. «Mozio hauek guretzat balio handia dute, izan udaletxeetan onartutakoak, Batzar Nagusietan edota Gasteizko zein Iruñeko Parlamentuetan». Eremu sindikaleko gehiengoaren babesa ere lortu dutela azaldu dute. Orain Presoak dinamikak gizartea bere «aniztasunean» bildu du Sareren hitzetan: «eremu sozialean ere ekimen desberdinen bitartez irudikatu dugu kontsentsu hori. Horren erakusle izan da Orain Presoak dinamika. Aipatutako adostasun zabal hori guztia irudikatzeko bide izan da, euskal presoen gaiari dagokionez inoizko mobilizazio anitzenak antolatuz». Bestalde, bakearen eta elkarbizitzaren alde «politika munduan aritu diren kideek edota biktima anitzek» eraman duten aldarria gogora ekarri dute.

Aro berri bat

Espetxe politika arruntari bide emateko, salbuespenezko espetxe politika amaitu behar dela azpimarratu dute. Urteetan euskal presoek jasandako urruntze eta sakabanaketa politikak, pandemiaren testuinguruan eskubide urraketak areagotu ditu: «euskal presoei dagokionez, salbuespen legediak dakarren zigor bikoitza, hirukoitz bilakatu da alarma egoera honetan. Konfinamendu garaian, baldintzak bete arren, berau etxean betetzeko aukerak ukatuak izan zaizkie euskal presoen gehiengoari. Deskonfinamendu unean ere, urruntze politika dela eta bisitak berrezartzeko eskubiderik gabe geratu dira». Hala, alarma egoerak espetxe politikak «dituen gabeziak» agerian utzi ditu.

Egoera horrek Sarek dinamika berrian eramateko asmoa duen «lanketaren beharra areagotu» du, eta, diotenez, Europako 100 eragileek izenpetutako txostena urrats garrantzitsua izan da bide horretan.

Bestalde, Bakegileek Frantziako Estatuarekin eramandako prozesua aipatu dute. Ipar Euskal Herriko delegazioari esker, hainbat euskal presoren hurbilketa lortu dute. Lannemezango eta Mont-de-Marsango (Okzitania) espetxeetara hurbildu zituzten hainbat euskal preso. Emakumeak, Roazhoneko (Bretainia' kartzelan bateratu dituzte. Horrez gain, hainbat DPS estatus kendu zaizkie Frantziako Estatuan preso dauden euskal preso batzuei.

Fernando Grande-Marlaska Espainiako ministroak eta Pedro Sanchez lehendakariak urruntze politika amaitzeko egin zituzten deklarazioen ondotik, «gutxi batzuk izan dira norabide honetan egindako urratsak». Baina eratu den Espainiako Gobernu berriak panorama politiko berria dakar, Sareren arabera, eta uste dute «une garrantzitsu» baten aurrean daudela. «Datozen urteetan Euskal Herrian askatu nahi genituzkeen korapiloak askatzeko aukera dugu; batetik, egun oraindik indarrean den salbuespeneko legedia bertan behera utzi eta lege arruntaren ezartzea, eta, bestetik, jada urratsak emanak hasiak gauden arren, oraindik ere itxi gabe diren zauri horien guztien lanketarekin jarraitzea, biktima guztien aitortza eta erreparazioa, eta elkarbizitza eta bakerako urratsak ematea», aldarrikatu dute. Hala, Espainiako Gobernu berriaren eratzeak emango dituen aukerak «baliatu» nahi ditu Sarek, abiatu duen dinamika berriarekin, eta egin diren urrats «xumeak finkatu eta sendotzeko bide» izan nahi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.