OÑATI
Martxoaren 9an ere jarraitzeko prest
Oñatiko emakumeak inauteriak ere aprobetxatzen ari dira grebaren inguruko aldarrikapenak herrian zabaltzeko.
Karnabaletako larunbatean, dantza erakustaldi ibiltari bat egin ohi dute Oñatin (Gipuzkoa), baina atzokoan agertoki bereziak prestatu zizkieten feministek: pankartaz josi zituzten. «Ostiral gauean pankartaldia egin genuen, eta, kartelak jarri ahala, bertan agertzen ziren esaldiak kantatuz joan ginen. Jendea kontura dadin bagabiltzala lanean», kontatu du Ana Novoak, Oñatiko M8 plataformako kideak.
Orain arte, grebaren inguruko informazioa zabaltzen eta baliabideak-eta prestatzen jardun dira. Herrian informazio guneak jarri dituzte, eskuorriak banatu eta lanuzte proposamenaren berri emateko. «Herritarrengana gerturatu nahi genuen, azaldu zer den greba». Eta mugimendu handia sortu da pentsiodunen artean: «Talde bat sortu dute, egitarau eta guzti».
Azken egunotan, berriz, «motorrak berotzen» ari dira. Igandean, eskualdeko andreekin elkartu ziren Elorregi biribilgunean, Oñati, Arrasate eta Bergarako lotunean. «Elkar ezagutzeko balio izan zigun, jakiteko beste herrietan zertan ari diren». Ostiralera begira ez ezik, grebaren osterako ere ari dira antolatzen. «Martxoaren 9an segitu nahi dugu: emakume artisauen azoka izango dugu, eta zaintzeko prest dauden gizonek txokolatea egingo dute».
LEA-ARTIBAI
Eskualdearen indarra batu dute
Era ezberdinetako herriak daude Lea-Artibain; eskualde mailan antolatuta, indartu egin dute grebaren antolaketa.
Aspaldiko urteotan «aparte» samar ibili dira Lea-Artibai osatzen duten udaletako (Bizkaia) talde feministak, baina batu egin dira Martxoaren 8 honetarako. «Ikusten genuen garrantzitsua eskualde mailako zerbait egitea, babes hori herri denetan sentitzeko», azaldu du Markina-Xemeingo asanblada feministako ordezkari Udane Barinagarrementeria Lakak. Eskualde mailan «koordinatu» nahi izan dute, baina herri bakoitzean ere dinamika berezkoak landu dituzte: «Herri guztietan egongo da egitarau propioa, iluntzera arte». Herri koskorrak zein txikiak batzen dira eskualdean, eta, batasunaren bidez, grebaren antolaketa indartu egin nahi izan dute. Etsenplu bat ipini du Barinagarrementeriak. «Herri txikienetan daude, adibidez, industrialderik handienak». Herri txiki horietan ez dute beti aski indar eta baliabide izaten industrialdeetan greba behar bezala aurkezteko: «Aldiz, eskualdeko sare horretatik errazagoa da. Beste modu batean hartzen da».
Ekitaldi asko egingo dituzte grebaren harira. Zaintza ardatzetako bat nola den, aparteko arretaz landuko dituzte arlo horretan ari diren beharginen aldarriak: «Esate baterako, elkarretaratzeak egingo dira zaharren egoitzetan».
BAIONA
Eguna borrokarako erreferentzia bilakatzera
Ipar Euskal Herriko feministek onartu dute zaila dela han greba antolatzea, baina «motibatuak» dira erronkarekin.
Martxoaren 8ko mobilizazioek tradizio handia dute Hego Euskal Herrian, baina Iparraldean bestelako egoera izan dute azken urteotan: parte hartze txikiagoa izaten dute. «Ipar Euskal Herrian feminismoarekin den lotura nabarmen geratzen da: kontzientzia eskasa da oraindik, eta pedagogia lan handia eraman behar da. Sumatzen da horrelako egunak antolatzean: lan zama gutxiren gain erortzen da. Hala ere, hor garenak motibatuak gara», azaldu du Armelle Etxenike Baionako asanbladako kideak. Hala, zailtasunak aitortu arren, bost esparruetan greba egitera deitu dute ostiralerako. Ez dute protesta «sinbolikotzat» hartu nahi, baina arreta osoa ez dute manifestari kopuruan ezarriko. «Ez da adierazkorra izango». Beste xede bat jarri diote egunari: «Gure helburua da Martxoaren 8an karrikara ateratzea, eta borroka-egun erreferentzia bilakatzea Ipar Euskal Herrian, oraindik ez delako hala hartzen. Mugimendu hori barneratzen ari da jendea orain, desberdintasunaz ohartzen».
2018ko grebarako Baionan martxan jarri zuten asanblada berriz abiatu zuten urtarrilean, baina ikuspegia zabaldu nahi izan dute aurten. «Ohartu gara asanblada hori ez zela adierazgarria, ez baitzituen Ipar Euskal Herriko hiru probintzietako emazteak biltzen». Sare hori egiteko asmoz, aurkezpen bira bat egin dute, grebaren berri emateko: Lapurdin, Hendaian izan ziren; Nafarroa Beherean, Baigorrin; eta Zuberoan, Maulen. Etxenike baikor mintzatu da lan horretaz: «Pozgarria da feminismoa eskualde horietara ailegatzea, orain arte ez baita ailegatu. Guri dagokigu jendearengana joatea».
Aurrera begira ere lan hori abiapuntu bat izan daitekeela uste du: «Greba hau Euskal Herri osoan baliatu da mugimendua berriz hauspotzeko. Emeki-emeki eta bere neurrian, biharamunean feminismoa lantzen segitzeko balio du hemen ere».
AIARALDEA
Unitate didaktikoa eta guzti gaiaz aritzeko
Aiaraldeko sei udal batu dira greban elkarlanean aritzeko; argi dute iaz hasitako bideak «saretzea» ahalbidetu duela.
Amurrion, Laudion eta Urduñan —Aiaraldekoak dira hiru udalak; Araba eta Bizkai artean dago eskualdea— iaz mugimendu bateratu bat ehundu zuten greba feminista antolatzeko, eta aurten zabaldu egin dute: «Aiara, Artziniega eta Orozko gehitu zaizkie». Izar Mendiguren mugimendu horretako kidea da, eta argi du iazko deialdiaren «arrakastak» hori guztia erraztu egin duela. «Greba feministak ekarri du saretze bat: ahalduntze pertsonal eta kolektibo bat». Agerikoa dela dio: aurten, esaterako, aski jendetsuak izan dira greba antolatzeko batzarrak. Eta aski pozik daude: «Izan ere, herritik egin nahi dugu eraldaketa. Indar metaketa eskualde mailan ardaztu nahi dugu».
Zaintza erdigunean jarri nahi du greba feministak, eta, horiek horrela, ezkutuko eremu hori azaleratzeko ahalegina egiten ari dira Aiaraldean ere; etxeko langileen errealitatera hurbiltzeko urratsak egin dituzte. Horrek hausnarketarako gakoak eman dituela esan du Mendigurenek, eta itaun deserosoak ere sorrarazi dituela: «Balio izan dute ikusteko denok emakumeak izanik ere askotan zelako distantzia dagoen gure artean». Horregatik, aparteko ahalegina egin dute soslai askotako andreak elkartzeko batzarretan: «Adin tartean, esaterako, 16 urteko gazteen eta pentsiodunen artekoak daude. Eta etorri berriek ere, beste kulturetako pertsonek, parte hartzen dute bileretan». Elkarrengandik «ikastea» da helburua: «Bestelako gizarte bat eraikitzeko». Pankartak, asmo horrekin, arabieraz ere idatzi dituzte.
Unitate didaktiko bat ere ondu dute, propio, eskualdeko eskoletan greba feministaren gaia landu ahal izateko. «Eskualdeko boluntario batzuek egindakoa da, eta eskola guztietan banatu da». Ikasketa ziklo guztietarako egokituta dago: gogoeta sustatzeko. «Gomendioak ere ematen ditu ume, gazte eta gurasoentzat, esanez zer egin daitekeen etxeko antolaketa eraldatzeko».
NAFARROA IPARRALDEA
Herri txikietako bereizgarriei atxikita
Xareta, Malerreka, Bertizarana, Baztan eta Bortzirietako andreak batu dira; herri txikietara ere ahaltsu heldu da deia.
Iaz, batera jardun zuten Baztango eta Bortzirietako emakumeek greba feminista antolatzen, eta, aurten, Nafarroa iparraldeko beste hainbat eskualde ere atxiki zaizkie: Xareta, Malerreka eta Bertizarana. Sare berriak trinkotzeko era ekarri du horrek. «Ezagutzen genuen elkar, baina ez genuen inoiz elkarrekin lanik egin», azaldu du Berako Goldatz talde feministako ordezkari Aiala Zubietak. Iazko esperientzia «hagitz ona» izan zela gogoratu du: «Euskal Herriko beste toki askotan bezala, egun biribila atera zen: kristoren indarrak hartu genituen. Berpiztu egin ginen». Horrek modua eman die inguruko andre gehiagorengana jotzeko, arrakastatsu. «Lehengo urtetik ikusi dugu zabaldu garela anitz, indarra badagoela». Hilaren 16an, hain justu, agerraldi bateratu bat egin zuten eskualde guztietako andreek.
Herri txiki asko daude tartean. Berezitasunak emango dizkio horrek greba egunari. «Izan ere, nekazaritza eremua ere bada gurea, eta sektore hori ere kontuan izaten ari gara», azaldu du Zubietak. Negozio txiki asko ere badira, eta aintzat hartu behar dituzte haien ezaugarriak. «Ez da erraza: denda txiki pila bat daude, herrietako dendak eta tabernak, eta sarri zail egiten zaie egun oso bat ixtea», onartu du. «Ez diegu zuzenean eskatzen ixteko; gutxienean, ahal bada, manifestazioko tartean ixteko eskatzen diegu, eta, bertzenez, xingola more bat jartzeko, edo eranskailuak ere banatzeko». Eta erantzun onak nagusitu dira: «Gehiengoak bat egin du grebarekin».
Iazko grebaren lorratza sumatzen dela uste du Zubietak: «Kalean gehiago entzuten da feminismoaz hitz egiten; ordura arte ez zen hain ohikoa gaiaz aritzea edo kartelak ikustea, edo emakume taldeak sortzea. Orain bai, orain ikusten dugu olatu hori heldu dela». Luzerako: «Izan ere, ikastetxeetan-eta ere elkartzen hasi dira neska gazteak: nerabeak. Badago nahi bat».
Martxoaren 8an, greba feminista. Prestaketa eskualdeka
Saretuago aurten: sendoago
Grebaren antolaketa deszentralizatu egin dute aurten, baina bat egitera jo dute hainbat herrik. Eragileek diote iazko arrakastak erraztu egin duela ehuntze hori, eta aldaketa dakarrela: oinarrietatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu