Eguberrietako loteriaren sari nagusiak 120 milioi utzi ditu Gernika-Lumon (Bizkaia), eta beste horrenbeste Bilbon. 3.347 zenbakia izan da saritua, eta zenbaki horren 30 serie saldu dituzte Bilboko Ledesma kaleko 16.ean eta 16 serie Gernika-Lumoko San Juan kaleko 2. administrazioan.
Horrez gain, sari nagusia jaso duten dezimoak saldu dira Donostian, Zarautzen (Gipuzkoa), Lasarte-Orian (Gipuzkoa), Derion (Bizkaia), Iruñean eta Fiteron (Nafarroa). Zarautzen bi dezimo saldu dituzte, eta bana aipatutako gainontzeko herrietan. Dezimo bakoitzari 400.000 euroko saria dagokio.
Horrez gain, Laudion (Araba) 34 milioi partituko dituzte. Osorik saldu zen laugarren saria jaso duen zenbakia: 42.206. Serie bakoitzeko 200.000 euro jasoko dute saridunek. 170 serie saldu dira. Zenbakia Zumalakarregi kaleko 3.ean saldu dute.
Beste laugarren sariaren zati bat ere Hego Euskal Herrian banatuko da. Leioan (Bizkaia) saldu dute 67.774 zenbakidunaren serie bat. 200.000 banatuko dira, beraz. Leioako laugarren administrazioan saldu dute serie saritua.
Hirugarren sariak onuradunak izan ditu Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. 4.211 zenbakiaren serie oso bat saldu da Donostian. 500.000 euro dagokio serie bakoitzari. Dezimo bana saldu da, berriz, Bilbon, Sondikan eta Trapagaranen (Bizkaia) eta saridunak izan dira Tuteran, Ablitasen, Cordovillan, Corellan, Cabanillasen, Fiteron, Peraltan eta Lakuntzan (Nafarroa).
Sari gehiago ere banatu da Hegoaldean; bosgarren sariari dagozkionak, hain zuzen. Donostian, Iruñean, Bilbon, Sestaon (Bizkaia) eta Tuteran banatu dira.
Donostian, 900.000 euro banatu ditu Narrika kaleko 8. administrazioak. Bosgarren sari bat egokitu zaio 2.308 zenbakiari, eta haren 150 dezimo saldu dituzte. 6.000 euro jasoko dute saridunek dezimo bakoitzeko. Bilboko Ormaetxea saltokiak ere 2.308 zenbakiaren 150 dezimo saldu ditu. Iruñean saldu dira zenbaki beraren bi dezimo, eta bana saldu dira Tuteran, Azpeitian (Gipuzkoa), Eibarren (Gipuzkoa) eta Basaurin (Bizkaia).
Bizkaiko hiriburuan, 60.000 euro gehiago utzi ditu zozketak. Bosgarren saria jaso duen 47.862 zenbakiaren hamar dezimo ere saldu baititu Bilboko Ormaetxea saltokiak.
29.031 zenbakiak jaso du beste bosgarren sarietako bat, eta haren dezimo bana saldu dute Donostian, Tuteran eta Sestaon. Dezimo bakoitzak 6.000 euro jasoko ditu.
Foru ogasunek jasoko dute Hego Euskal Herrian banatutako sari nagusien %20.