Durangoko sarraskiari izenak jarriz

Durangoko bonbardaketari buruzko ikerketa bat plazaratu dute Gerediaga eta Durango 1936 elkarteek. Datu berrien argitan, 213 lagun hil ziren erasoaren ondorioz.

Boluntarioak Durangon, gorpuak hondakinetatik ateratzen, bonbardaketaren ostean. GEREDIAGA ELKARTEA
Boluntarioak Durangon, gorpuak hondakinetatik ateratzen, bonbardaketaren ostean. GEREDIAGA ELKARTEA
gotzon hermosilla
2024ko martxoaren 29a
05:00
Entzun

Encarnacion Iturriagagoitia Urizar. Jose Aulestiarte Ikaran. Manuel Fuentes Barcina. Maria Maiztegi Izagirre. 1937ko martxoaren 31n, Espainiako armada matxinatuaren agindupeko hegazkin italiarrek erasoaldia egin zuten Durangon (Bizkaia). Goizean, hiru bonbaketarik herria bonbardatu zuten, eta bederatzi ehiza hegazkinek sarraskitik ihesi zihoazen herritarrak metrailatu zituzten. Arratsaldean, berriz, bost bonbaketarik eta zazpi ehiza hegazkinek berriro ekin zioten erasoari.

Maria Dolores Arroitajauregi Larragan. Juan Askunze Sarazibar. Lucia Eizaga Azkarraga. Sarraski handia egin zuten faxistek Durangon. Orain, Gerediaga eta Durango 1936 elkarteek sustatutako ikerketa bat plazaratu da, sarraski hartako biktimak zenbatu eta, ahal izan den heinean, izen-abizenekin identifikatu dituena. Oraindik badago zer ikertu, eta, esaterako, hamahiru lagun identifikatu barik daude oraindik, baina ikerketari esker jakin dute 213 izan zirela erasoaldi hartan hildakoak.

Hiru urte iraun du ikerketak, eta Jimi Jimenez Sanchez historialariak zuzendu du (Kordoba, Espainia, 1965): «Helburua bikoitza izan da: alde batetik, hildako ezagunen kasuan, gehiago ikertzea benetan bonbardaketaren biktima izan ote ziren jakiteko; eta, beste aldetik, izenik ez zuten biktima asko izen-abizenekin identifikatzea. Gogoratu behar da martxoaren 31n arratsaldez egindako bonbardaketak gorpuak identifikatzera hilerrira zihoazen herritarren kontra egin zuela; argi dago hildakoak identifikatzeko lanak ez zirela baldintzarik onenetan egin».

Lehenagotik ere bazeuden Durangoko bonbardaketari buruzko informazio eta azterlan ugari; esaterako, Jon Irazabal historialariak egindako lan mamitsuak. Baina haietan zeuden datu okerrak zuzendu eta puntu ilunak argitzea lortu dute oraingoan. Adibidez, orain arteko zerrendetan beste 77 lagun agertzen ziren, ustez bonbardaketan hildakoak; oraingo ikerketaren argitan, jakin dute horietako zenbait, gerraren ondorioz hil baziren ere, ez zirela bonbardaketaren biktima izan, eta beste zenbaiten kasuan ez da frogarik aurkitu bonbardaketan hil zirela baieztatzeko. Baina orain arteko zerrendetan agertzen ez ziren beste hamar biktima ere gehitu dituzte ikerketaren ondorioz.

Abadiñon hildako lau lagun ere sartu dituzte zerrendan. Mugakideak dira Durango eta Abadiño, eta lehenengo bonbak Durangotik gertu dauden Abadiñoko lurretan erori ziren; horregatik, eta erasoaldi bereko biktimak direla aintzat hartuta, zerrendan sartu dituzte. Edonola ere, ikerketaren ondorioetan ohartarazi dute komenigarria litzatekeela Abadiñoko kasua xeheago aztertzea.

Zibilak biktima

Hildakoetako asko faxisten oldarraldiari eutsi nahian zebiltzan gudariak izan ziren, Durangaldeko Kirikiño eta Otxandiano batailoikoak, baita Durangon eta Elorrion egoitza eta atsedenlekua zuten beste zenbait batailoitakoak ere; baina hildako gehienak, %74, herritar zibilak izan ziren. Horietatik, %65 emakumeak ziren; %15, berriz, 16 urte baino gutxiagoko haurrak; eta %17k 60 urte baino gehiago zuten.

Jimenezek dioenez, bonbardaketetan ohikoa izaten da gatazkarekin zerikusi zuzena ez duten zibilak izatea biktima asko. Hala ere, datua esanguratsua da, eta argi adierazten du nolakoa izan zen Durangoren kontrako erasoa: «2021ean, Xabier Irujo historialariak egindako ikerketa bat argitaratu zuen Gogora institutuak, eta han bonbardaketak hiru motatan sailkatzen ziren: bonbardaketa taktikoak, lubaki, defentsa lerro eta abarren kontrakoak, tropen arteko borrokari zuzenean lotuak; bonbardaketa estrategikoak, azpiegitura eta garraiobideen aurkakoak; eta, azkenik, zibilen kontrako bonbardaketak, izua hedatu eta etsaiaren moralari kalte egiteko asmoz egindakoak. Nik uste dut Durangaldean, eta Durangon bereziki, hiru tipologiak batera agertzen direla».

Biktimen zenbatekoa doitu eta hildakoei izen-abizenak jartzeaz gain, beste lorpen garrantzitsu bat dakar ikerketak: biktima bakoitzak fitxa txiki bat dauka, haren biografiatik ezagutzen diren datu esanguratsuenekin. Han dago Estefania Agirre Bikuña, 30 urteko abadiñarra, herri hartan hil ziren lau lagunetako bat; artean bizi zelarik Bilbora eraman zuten, Basurtuko erietxera, eta han zendu zen. Maria Pilar Alonso Zubizarretak 8 urte baino ez zeukan, eta donostiarra zen; seguru asko, faxisten oldarralditik ihes egin nahian iritsiko zen Durangora. Hilotz zen Basurtura iritsi zenean. Juan Alustiza Agirre gudari legazpiarra zen, eta txofer aritzen zen gerra garraioetako batailoian. Zornotzako ospitalean hil zen, eta herri hartako hilerrian lurperatu zuten. «Pentsatu genuen datu horiek jartzea zela biktimak zerrendatzeko modurik onena, baina betiere iturriak aipatuz», azaldu du Jimenezek.

Bonbardaketan, Santa Susana komentuak kalte handiak jasan zituen, eta han zeuden lekaimeetako batzuk hil ziren. Seguru asko, hori da pasarterik errepikatuenetako bat Durangoko bonbardaketaren inguruan idatzi diren liburu, artikulu eta erreportajeetan, oso deigarria baita bere burua kristautasunaren defendatzailetzat jo zuen matxinada militarrak mojak hiltzea. Hala ere, orain arte zalantza handiak egon dira zenbat moja hil ote zituzten. Oraingo ikerketak argitu du hori: hamalau izan ziren, eta, gainera, beste lau elizgizon ere hil zituzten faxisten bonbek. Mojen laguntzaile aritzen zen emakume sekular bat ere hil zen bonbardaketan, eta haiekin batera lurperatu zuten, komentuko kriptan.

Azterlanak orain arte ilunpean zeuden datu asko argitara atera dituen arren, ondorioetan nabarmentzen da egokia dela ikerketa itxitzat ez ematea: «Beti ager daitezke testigantza eta informazio berriak. Agiri guztiak ezagunak dira, baina gaur egun ezagutzen ez dugun iturriren bat ager daiteke. Horrelakoetan, ausartegia da ikerketa bat itxitzat ematea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.