Memoria historikoa

Sartagudan emakumeak omentzeko eskultura jartzeko laguntza eskatu dio parlamentuak UPNri

Gobernuko alderdiak eta PPNk ez dute hitza hartu nahi izan Ezkerrak aurkeztutako mozioaren eztabaidan, eta abstenitu dira bozketan.

Alargunak ez ezik, 1936ko errepresioa jasan zuten emakume guztiak ere omentzeko beharra nabarmendu dute. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
edurne elizondo
2014ko urriaren 2a
13:37
Entzun

Ezkerraren mozioak bi puntu ditu, eta aurrera egin du talde horren eta Bilduren, Aralar-NaBairen eta PSNren aldeko botoekin. Haren bidez, batetik, Nafarroako Parlamentuak gobernuari eskatu dio 12.000 euroko sailarekin lagundu dezala Sartagudako (Nafarroa) Memoriaren Parkean alargunak omentzeko jarri nahi duten eskultura. "Aurrekontua 36.000 eurokoa da; asmoa da gobernuak zati bat ordaintzea, eta, gainerakoa, berriz, udalek eta norbanakoek; parkea bera horrelaxe egin zen", azaldu du Ezkerrako parlamentario Txema Mauleonek. Talde horrek, bertzetik, gobernuari eskatu dio Memoriaren Parkea bultza dezala, eta turismoaren aldetik garrantzitsuak diren tokien zerrendan sar dezala. "Milaka pertsona etortzen dira urtean, erreferentziazko toki bilakatu da; merezi du gobernuak bultzada ematea", erantsi du Mauleonek.

PSNk, Aralar-NaBaik eta Bilduk bat egin dute mozioarekin; eskulturaren bidez, alargunak ez ezik, 1936ko errepresioa jasan zuten emakume guztiak ere omentzeko beharra nabarmendu dute. "Tortura krudela jasan zuten emakumeok; ilea moztu zieten, karrikara gizonen arroparekin aterarazi zituzten, oinutsik, eta errizino olioa hartuarazi zieten", azaldu du Aralar-NaBaiko Patxi Zabaletak. Bilduko Victor Rubiok erantsi du emakume horiek bakarrik zaindu behar izan zituztela haien seme-alabak. PSNk ere argi du gobernuak emakume horiek omentzeko proiektuan parte hartu beharko lukeela.

UPNk, baina, ez dio baiezkorik eman Ezkerrak aurkeztu mozioari. Ezta PPNk ere. Abstenitu egin dira bi alderdiak. Ez hori bakarrik. Parlamentuko batzordeko eztabaidan isilik gelditu dira. Ez dute hitza hartu nahi izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.