Sasiak garbituz, memoria berreraiki

Frankismoan eraikitako bunkerrak bistarazteko lanetan ari dira hainbat gazte. Nafarroako Gaztediaren Ikastetxeak antolatuta egiten ari diren udalekuetan dihardute lanean.

Bunker barrenetik balde batean lokatza ateratzen, atzo. NAFARROAKO GOBERNUA.
Isabel Jaurena.
Otsondo
2022ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Sasiak moztuta, baldeekin ura aterata eta aitzurka bidea irekita. Modu horretan ari dira bistaratzen frankismoan eraikitako bunkerrak, larrak janda zeudenak. Gazteak ari dira lan horretan Otsondoko mendietan, Baztanen, Nafarroan.

Hara hurbildu ziren atzo goizeko hamaiketarako kazetari andana. Egunak ilun jarraitzen zuen oraindik, lainopean. Baztandarrendako abuztuko egun arrunt bat zirudien arren, bisitariek biziki eskertzen zuten berotik urruntzea. Kazetariek errepide bazterrean zuten hitzordua Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako Kontseilariarekin. Ollo iritsi ahala, Nicolas Zuazua arkeologoaren atzetik abiatu ziren kazetari, argazkilari eta gobernuko kideak lurrezko bide batean gora. 50 metro izan baziren ere, arnasestuka iritsi ziren gehienak.

Ataka baten bertze aldean hogei gazte zeuden, 1945ean egindako bunker baten ondoan eserita. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroakoakoak guztiak. Ordu pare batez lan egin ostean, hamaiketakoaz gozatzen ari ziren.

Nafarroako Gaztediaren Ikastetxeak antolatutako udalekuak dira, eta 15 eta 17 urte bitarteko neskek eta mutilek parte hartzen dute. Beraien zeregina sasiak moztea, bideak txukuntzea eta bunkerren barrenak garbitzea da, besteak beste. Aurten, hamabost egunez Otsondoko bideetan dauden bunkerrak garbitzeaz arduratuko dira. «Eskualde hau hautatu dugu bunker andana daudelako espazio txiki batean», azaldu zuen Nicolas Zuazua arkeologoak. Ana Ollo harro agertu zen gazteek egindako lana ikustean: «Udaleku berezia da, urte luzez ezkutuan egon den memoria argitara ekartzen duena».

Pirinioetako bunkerrak

Udalekuaren helburua Pirinioetan barrena eraikita dauden bunkerrak berritzea da, «memoria berreraikitzea», argitu zuen Ollok. Estruktura horiek 1939tik 1950eko hamarkada bitarte egin zituzten, bi fasetan. Lehenbizikoa 1939. eta 1940. urteetan izan zen, eta presoek egin zuten lan guztia. Bigarrena, berriz, 1945etik aurrera, eta sobera zeuden soldaduak arduratu ziren eraikuntzaz.

Zuazuak adierazi zuen bi faseetako bunkerrak daudela Otsondon (Baztan, Nafarroa). Haren arabera, Franco beldur zen Frantziatik Aliatuen eta Hitlerren erasoak jasanen zituela, hortaz, egitura horiek eraikitzeko agindua eman zuen. Hala ere, inoiz ez zen erasorik egon, eta soldaduek hartu beharrean, sasiek hartu zituzten bunkerrak.

Zuazua arkeologoaren azalpenak adi entzun ostean, Kontseilaria kazetariekin solasean egon zen denbora luzez. Berriketan zebiltzala, aurrerago kokatutako bunker batean zerbait mugitzen ikusi zuten: bost mutil ziren. Kameren beldur zirela zirudien, baina ez, keinuka zebiltzan eurei elkarrizketak eta argazkiak egiteko eskatuz. Erran eta egin. Bisitari taldea aldapan gora abiatu zen gazte taldearen testigantzen bila. Iritsi orduko, aurreko egunetan egindako lanaren berri hitz egiten hasi ziren, eta gonbita egin zieten Kontseilariari nahiz kazetariei barrura sartu eta euren maisulana ikusteko.

Hezea eta hotza

Hezea eta hotza zen bunkerra. Zementuzko paretetako zirrikituetatik sartzen ziren argi izpiak ziren argiztapen bakarra. Kazetarien fokuei eta arkeologoen linternei esker, gazte taldearen txukuntze lana agerian gelditu zen laster. «Zoragarria», adierazi zuen Ollok. Hilabete bat lehenago Izabako bunkerrak bisitatzen egon bazen ere, zeharo txundituta zegoen. Gazteak sartu ziren gero eraikinera. Gogotsu azaldu zuten egindako lana: sasiak nola moztu zituzten, baldeekin ura nola atera zuten eta aitzurka bidea nola ireki zuten. Harro zeuden egindakoaz.

Baztango erranairu batek dio negua pausarako dela eta uda, berriz, lanerako. Esaldia buruan, gazteei hamaiketakoa jateko denbora akitu zitzaiela eta lanean hasi behar zutela erran zieten udalekuko arduradunek. Hortaz, bunkerretik atera bezain laster, gazte gehienak zeuden lekura abiatu ziren bisitariak, lanean nola aritzen ziren ikusteko. Aitzurrak eta eskularruak zituztela, iratze eta sasiek hartutako belardiak garbitzen hasi ziren batzuk. Bertzeak, bitartean, bunkerretako ura husten hasi ziren.

Talde argazkia egiteko momentua iritsi zen, Ollok propio eskatuta. Neska-mutilak txantxetan zebiltzan, famatuak izanen zirela erranez. Gazteak agurtu, eta goizeko bidera itzuli ziren bisitariak. Batzuk seinale bila hasi ziren; bertzeek, autoan sartu, eta Amaiur aldera jaisten den bidea hartu zuten. Eguerdia zen jada, eta egunak ilun jarraitzen bazuen ere, memoriak ez. Gazte talde horren lanari esker herritar gehiagok Euskal Herriko historiaren berri jakiteko aukera izanen baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.