SATSE gailendu da Osakidetzako hauteskunde sindikaletan

Erizainen sindikatuak 89 ordezkari lortu ditu. ELA sindikatuak gertutik segitu dio, 81 ordezkarirekin.

Osasun langile bat botoa ematen, atzo goizean, Bilboko Areiltza doktorea anbulatorioan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Osasun langile bat botoa ematen, atzo goizean, Bilboko Areiltza Doktorearen anbulatorioan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko azaroaren 29a
09:35
Entzun

SATSE sindikatuak irabazi ditu Osakidetzako hauteskunde sindikalak, 89 ordezkari erdietsita. ELA sindikatuak gertutik jarraitu dio, 81 ordezkarirekin. Hamar urteren ostean egin dituzte hauteskundeak Euskal Autonomia Erkidegoko osasun sistema publikoan, eta 361 ordezkari aukeratu dituzte osasun profesionalek; duela hamar urte baino 45 gehiago. Horren ondorioz —besteak beste— lortu dituzte sindikatu ia guztiek orain arte zituzten baino ordezkari gehiago. SATSEk 11 gehiago eskuratu ditu, eta ELAk, zazpi gehiago. CCOO izan da ordezkariak galdu dituen bakarra —bi gutxiago lortu ditu—.

Ñabardurak ñabardura, orain artekoa berretsi dute emaitzek, eta indar korrelazioak berdin jarraituko du Osakidetzan: SATSE eta ELA izango dira nagusi. Askoz ordezkari gutxiagorekin segitzen diete atzetik beste sindikatuek: LABek 44 lortu ditu; SMEk, 34; UGTk, 34; CCOOk, 29; ESK-k, 27; eta USAEk, 23. 45.000 osasun langilek baino gehiagok izan dute botoa emateko aukera.

SATSE eta ELA gailendu diren arren, ESI bakoitzean denetariko emaitzak jaso dituzte. Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako ESIan ESK-k lortu du ordezkari sindikal gehien (7), eta gertutik segitzen diote SATSEk eta ELAk, seina ordezkarirekin. Donostialdeko ESIan, berriz, SATSEk hamar ordezkari lortu ditu, eta parez pare daude ELA eta LAB, zortzina ordezkarirekin. Bi sindikatu abertzaleek berdindu egin dute Arabako ESIan ere, esaterako. Erakunde zentralean eta larrialdietako ESIan ELAk irabazi du.

Oraingoz ezin da jakin nori eman dioten boto gehien medikuek, nori erizainek, erizain laguntzaileek, zeladoreek... Dena dela, Osakidetzako langileak bi kategoriatan daude banatuta, eta horien arabera antolatzen dira hauteskundeak ere. Batetik, langile estatutarioak daude; gehien-gehienak dira haiek. Bestetik, langile laboralak daude: langile kategoria hori desagertzear da. Azken horiek ordezkatzeko komite bat dago Araban, beste bat Bizkaian eta beste bat Gipuzkoan, eta horietan ere gailendu dira SATSE eta ELA.

Mahai sektoriala

Osakidetzako mahai sektorialaren osaera, ordea, langile estatutarioek erabakitakoaren araberakoa da. Haien botoen ondoriozko indar korrelazioa emaitza orokorren tankerakoa da: SATSE eta ELA dira buru. Haiek izango dute gehiengoa mahai sektorialean datozen urteetan, eta ez dute nolanahiko lana izango. Mahai hori arduratzen da Osakidetzaren lan arloko erabakiak adosteaz zuzendaritzarekin eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin.

Ildo horretan, eztabaida bete-betean daude Osasun Sailarekin. LEP eredu berri bat negoziatzen ari dira, Alberto Martinez Osasun sailburuak hori egitea proposatu eta gero; hain zuzen ere, «Osakidetzaren hautaketa eta hornikuntza prozesuak arintzeko modua emango duen eredu bat, lantaldea egonkortzeko eta berritzeko beharrei erantzungo diena». Eredu horren arabera onartuko dituzte aurtengo LEPa eta datorren urtekoa; iazkoaren hautagaitza prozesuei ere ekingo diete —1.265 posturi eragingo dio—. Gainera, Jaurlaritzaren asmoa da orain arteko LEPak urtea bukatu baino lehen ebaztea; LEP horiek 11.000 postu ingururi eragingo diete.

«Garaipen eztabaidaezina»

SATSE sindikatuak nabarmendu du «garaipen eztabaidaezina» izan dutela hauteskunde sindikaletan, eta aurrerantzean ere «liderrak» izango direla Osakidetzan erizainak, fisioterapeutak eta beste profesional batzuk ordezkatzen. Ohar baten bidez adierazi dute «bultzada bat» eman dietela bozek, Osakidetzako langileak eta haien lan baldintzak defendatzen segitzeko.

«Garaipen honek frogatzen du erizainek eta fisioterapeutek gure eguneroko lana aitortzen dutela, bai zentroetan, bai negoziazio foroetan. Haien eskubideen alde borrokatzen segitzeko konpromisoa dugu, badakigulako oraindik asko dagoela egiteko», adierazi du Amaia Mayor idazkari nagusiak.

Azpimarratu duenez, haien xedea zera izango da, erizainak eta fisioterapeutak Osakidetzaren etorkizuneko ereduaren «erdigunean» egon daitezela bermatzea. «Benetako lidergoa exijituko dugu, erizainek presentzia handiagoa izan dezaten zuzendaritza postuetan. Preskripzio kolaboratiboaren gidak bezalako tresnak aldarrikatzen ere jarraituko dugu; horrela ahalko dugu garatu geure potentzial profesional osoa», aldarrikatu du Mayorrek.

«Kontrabotere sindikalismoa»

ELA sindikatuak, berriz, azpimarratu du bera izan dela korporatiboa ez den sindikatu garrantzitsuena. Ohar bidez adierazi du bozen emaitzek zera adierazten dutela, azken urteetan egindako lana «babestu» dutela osasun profesionalek; «Osakidetza agenda publiko eta politikoan kokatzea lortu duen kontrabotere sindikalismoari emandako babesa, hain zuzen ere».

Nabarmendu du «ezinbestekoa» dela Osakidetzako langileen lan baldintzak hobetzea, eta horretarako bi neurri behar direla azpimarratu du sindikatu abertzaleak: «Inbertsioa handitu behar da, Osakidetzako mahai sektoriala edukiz hornitu, eta ez foro paraleloak sortu, hala nola osasun ituna».

LAB sindikatua izan da hirugarren indarra, eta, ohar bidez ohartarazi duenez, emaitzek agerian uzten dute «korporatibismo arazo larria» dagoela oraindik Osakidetzan: «Ez dugu uste plantilla zatitzea dakarten hauteskunde joerak positiboak direnik». Osasun sistema publikoaren, kalitatezko enpleguaren eta lantalde egonkorren alde lanean jarraituko duela berretsi du sindikatu abertzaleak.

CCOO sindikatuak, berriz, aitortu du ez dituela emaitza onak izan. Gipuzkoan, esaterako, bi ordezkari baino ez ditu lortu. Sindikatuak uste du boto galerak ez duela esan nahi langileek haien estrategia errefusatu dutenik: «Gipuzkoako hauteskunde eremuen konfigurazioaren ondorioa izan da».

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinez atzo mintzatu zen hauteskundeez, eta haien garrantzia nabarmendu zuen: «Erakunde guztietan bezalaxe, Osakidetzan ere gizarte eragileen eta sindikatuen ordezkaritza sendoa, egituratua eta konprometitua nahi eta behar dugu, mahai sektorialaren lan testuinguruan aurrera egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.