SATSEk grebara deitu ditu erizainak eta fisioterapeutak otsailaren 28rako

Carlos Artundori egotzi diote ez dituela eraman sektorearen proposamenak negoziazio mahaira

SATSEk deitutako manifestazioa, Iruñeko kaleetan. JAGOBA MAN TEROLA / FOKU.
jone arruabarrena
2023ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Lanuztera deitu du SATSEk otsailaren 28rako. Erizainak eta fisioterapeutak deitu ditu grebara, atzo Iruñean sindikatuak egin zuen protesta batean. Izan ere, Carlos Artundo Nafarroako Gobernuko Osasun zuzendari nagusiari egotzi diote «sektorearen proposamenak» administrazio publikoko lan baldintzak negoziatzeko mahaira eraman ez izana.

Azaldu dute Osasun sailarekin «hitzezko akordio batera» iritsi zirela «dozenaka bileraren ondoren», eta sailak ez duela bete akordio horretan adostutakoa. «Protestekin jarraituko dugu gure proposamenak erantzukizunez negoziatzen ez badituzte», ohartarazi du Maria Jose Algarra sindikatuko Nafarroako idazkariak. Atzoko mobilizazioan, grebara deitzeaz gain, baldintza hobeak galdegin zituzten: erizain gehiago, ordezkapenak %100ean, espezialitateetan lanpostu gehiago, eta aurretiazko erretiroa boluntarioki hartzeko aukera, besteak beste.

Algarrak esan du azken urteotan «osasun arretaren hondamena» eragotzi duena izan dela langileek pazienteak artatzeko izan duten «erantzukizuna», eta erakunde publikoek ez dutela lan horren balioa nabarmendu: «Ahalegin hori egin arren, administrazioek ez dute orekatu osasun sistemak arlo publikoko erizainei eta fisioterapeutei ezartzen dien karga». Gehitu du erizainen lanaz «probestu» direla erakunde publikoak. Azpimarratu du «pauso garrantzitsuak» eman direla, baina oraindik «asko» dagoela egiteko. Besteak beste, kritika egin dio gaur egungo osasun ereduari. Esan duenez, eredu hori «zaharkitua, medikalizatua» dago, «ez da gai biztanleriaren zahartze masiboari eta osasun zerbitzuen erabilera indiskriminatuari erantzuteko», eta ez dio erantzuten «eremu soziosanitarioko gaixotasun eta premien hazkundeari» ere. Horren ordez, beste modu bateko osasun zerbitzu bat galdegin du, eta zehaztu du zeintzuk izan beharko liratekeen langileentzako baldintza egokiak: erizainen garapen profesionala «lehenetsiko duena» bere funtzioen arabera, haien lan baldintzak «errespetatu eta hobetuko dituena», eta alderaketa oro ezabatuko duena. Bide horretatik, espezializatutako erizainen postuak sortzeko eskatu du SATSEko idazkariak, erizainen ratio egokiak ezarrita, «benetako» kontziliazioa ahalbidetuta eta aurretiko erretiroa hartzeko aukera zabalduta. Horrez gain, ikasketa arloan ere Bolonia plana «behingoz» ezartzeko exijitu du: «Gradu bat bezala hartu dezaten, eta, beraz, A taldean sartzeko».

Algarrak Nafarroako Gobernuak eta Sindikatu Medikoak egindako akordioaren inguruan ere hitz egin du, eta salatu du hitzarmen horrek erizainen baldintzak «okertu» egingo dituela. Azaldu du ulertzen dituela Sindikatu Medikoaren aldarrikapenak, erizainei kalte egiten ez dieten bitartean. Horri lotuta, eskatu du erizaintza «osasun arretaren oinarritzat» hartzeko, eta, modu horretan, egokitzen zaizkien «lan baldintza duinak» esleitzeko profesionalei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.