Seaskak ohartarazi du Parisek «jomugan» duela euskarazko hezkuntza

Paxkal Indok murgiltze ereduarekin engaiatzeko eskatu die Etxegarai lehendakariari eta hautetsiei. Herri Urrats «jendetsua» espero dute

Iazko apirilean Sarako ikasle eta gurasoek eginiko protesta bat. I. MIQUELESTORENA.
Erredakzioa
Baiona
2019ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko «sukarra» azaleratzeaz gain, euskarazko murgiltze ereduaren aldeko aldarria egingo dute Herri Urratsen, Senperen (Lapurdi), maiatzaren 12an. Frantziako Gobernuak horren legezkotasuna ezbaian jarri izanak eragin du kezka ikastolen arduradunen artean. Paxkal Indo Seaskako lehendakariak ohartarazi du Parisek «jomugan» duela euskarazko hezkuntza sistema, eta «gibelerat» egin nahi duela. «Ez gaitezen engaina: murgiltze eredua suntsitu nahi dute», azpimarratu zuen atzo, Herri Urratsen egitaraua aurkezteko agerraldian.

Ikastolekin batera, Ipar Euskal Herriko eskola publiko eta pribatu batzuetan ari dira lanean eskolak osoki euskaraz emanez: 30 ikastetxetan baino gehiagotan esperimentazio batzuk egin dituzte 3 eta 5 urte arteko haurrekin. Jacqueline Gourault Frantziako Lurralde Kohesiorako eta Tokiko Kolektibitateekiko Harremanetarako ministroak, baina, esan du ez dela legezkoa adin horietan garatzea euskarazko murgiltze eredua. «Onartezina da hori erratea;haur eta gurasoei ezin zaie ukatu eskubide hori», erantzun du Indok, eta euskarazko hezkuntza sistema defendatzera deitu dituIpar Euskal Herriko hautetsiak eta Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria.

Agerraldian, ikastolen egoera azpimarratu du Seaskako buruak: esan du haiek ere nabari dutela «Parisko jakobinoen itzala». Adibidez, salatu du eskatu dituzten 25 irakasle lanpostuetatik bost baino ez dizkietela eman, urtetik urtera ikasle berrien kopurua nabarmen handitzen ari den arren —aurten, iaz baino 230 haur gehiago—.

Egoeraren «larritasuna» ikusita, Seaskako kideak uste du garrantzitsua dela aurtengo Herri Urrats «jendetsua» izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.