Seaskak protesta eginen du astelehenean, azterketetan euskaraz egiteko eskubidea eskatzeko

Filosofiako proba eginen dute ikasleek astelehenean, aurten ere frantsesez.

Etxepare lizeoko ikasleen protesta bat Baionan, azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko, artxiboko irudi batean. PATXI BELTZAIZ
Etxepare lizeoko ikasleen protesta bat Baionan, azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko, artxiboko irudi batean. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko ekainaren 13a
16:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Bordeleko errektoreak hitzeman badu ere aitzinamenduak izanen direla, Ipar Euskal Herriko ikasle euskaldunek frantsesez egin beharko dute baxoko azterketa aurten ere. Astelehenean izanen dute filosofiako proba, eta egun horretan protesta egitera deitu du Seaskak. Baionako Etxepare lizeoaren aitzinean elkarretaratzea eginen dute 12:00etan, hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko. 

Seaskak oroitarazi du legez aukera badela euskara azterketetako hizkuntza izateko; hala biltzen du Frantziako Hezkuntza kodeko L121-3 artikuluak. Baxoaren erreforma aitzin, Seaskako ikasleek aukera zuten historia eta matematikak euskaraz egiteko. 

Funtsean, euskarari lekua egitea adostu zuten Seaskak eta Frantziako Hezkuntza Ministerioak 2019an izenpetu zuten hitzarmenean ere: aintzat hartu zuten ahozko handia euskaraz egiteko aukera. Molac legearen kontrako zentsuraren ondotik, 2021eko abenduan, Frantziako Gobernuak zirkular bat atera zuen, eta hartan ere aipatzen zen «zenbait proba» euskaraz egiteko aukera. «Baina Hezkuntza Ministerioak ez ditu bete nahi bere arauak», deitoratu du Seaskak. 

Ipar Euskal Herrira egin zuen bisitan, Jean-Marc Huart Bordeleko errektoreak hitzeman zuen gaia lantzen hasiko zirela Frantziako Hezkuntzako administrazioan. Geroztik, Seaskak ez du berririk. «Hitz ederrak ez, urrats zehatzak behar ditugu», adierazi dute beste behin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.