Hezkuntza

Seaskako Bernat Etxepare lizeoa Iparraldeko eraginkorrena da, Baxoko azterketari dagokionez

Frantziako Hezkuntza Ministerioak kalifikazioa jarri dio lizeo bakoitzari, 2022ko emaitzak kontuan hartuta, eta Baionako ikastetxea nagusitu da.

Bernat Etxepare lizeoko ikasleak, gela batean. BERRIA
Edu Lartzanguren.
2023ko martxoaren 30a
16:19
Entzun

Azken urteotan bezala, Seaska elkarteko Bernat Etxepare Lizeoa goi-goian agertzen da Frantziako Hezkuntza Ministerioak eginiko zerrendetan. Lizeoen «arrakastaren eta eraginkortasunaren» inguruko datuak argitaratu berri ditu, 2022. urteari dagozkionak.

Horien arabera, Bernat Etxepare Lizeoak 103 ikasle aurkeztu zituen Baxo orokor eta teknologikoaren azterketetara, eta denek gainditu zuten, hau da, %100eko arrakasta izan zen. Emaitza bera lortu dute beste batzuek ere, hala nola Baionako Largente lizeoak, St Louis-Villa Piak, Hazparneko (Lapurdi) St Josephek, Donibane Lohizuneko Tomas Akinokoak (Lapurdi) eta Donibane Garaziko Navarrek (Nafarroa Beherea).

Datuon arabera, ikasleen gizarte maila eta ikasketa mailak kontuan hartuta, Bernat Etxepare lizeoari 3 puntu eman dizkiote ikasleek baxoa gainditzeko ahalmenean. Iparraldeko daturik onena da hori.

Horrez gain, kontuan hartu dute lizeo bakoitzak zenbat ikasle eraman dituen baxoa gainditzera, bigarren hezkuntza osoa ikastetxean eginda, eta Bernat Etxeparek %96ko maila lortu du horretan, Ipar Euskal Herriko handiena, baina baita ministerioak kontuan hartu duen eremu administratibo osoarena (departamendua).

Beste atal batean ere nagusitu da Seaskako lizeoa: ikasleetatik %81 aipamen berezia eskuratu zuten emaitza bikainak lortzeagatik.

Lizeoak Lanbide heziketa ere eskaintzen du, eta horretan ere nagusitu da. 400 ikasle inguru ditu Bernat Etxepare lizeoak, eta ikas ibilbide osoa euskaraz hutsez egiteko aukera ematen duen ikastetxe bakarra da Iparralde osoan.

Deigarria da emaitza, aintzat hartuz gero Frantziako administrazioak ikasleei azterketak euskaraz egiteko jartzen dizkien oztopoak. Atzo bertan, baxoa euskaraz egin ahal izatea eskatzeko protestaldi bat iragarri zuten Estitxu Robles kolegioko ikasleek. Bordeletik Baionara bizikletaz joango dira hogei ikasle, eta apirilaren 22an Lapurdiko hiriburura heltzean bat egingo dute euskalgintzak egun horretarako antolatu asmo duen manifestaziora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.