Paueko auzitegiak euskal militanteen aurkako hiru prozedura aztertu zituen atzo eta horietako lehenean Beñat Lizeaga, Aitziber Plazaola eta Bergoi Madernaz gazteen aurkako euroagindua onartu zuen. Jazint eta Xalba Ramirez anaien aurkako euroagindua eta Endika Perezen aurkakoa ere aztertu zituen Paueko epaileak. Heldu den asteartean jakinaraziko du hiru militante horien aurkako ebazpena. Azkenik, Jon Goio Jimenezen aurkako euroagindua aztertu zuen epaileak.
Atzo epaitu zituzten sei gazte horiek ihes egin zuten etxetik urrian, Espainiako Polizia atxilotzera joan zitzaielarik. Izpuran (Nafarroa Beherea) astebeteko itxialdia egin zuten polizia operazio hartatik ihes egin zuten Aiala Zaldibar eta Irati Tobar gazteekin batera. Itxialdia bukatu zelarik, hautetsi talde zabal batek babesa eman zien gazteei eta haien etxeetan hartu. Alta, martxoaren 1ean Lizeaga, Plazaola, Madernaz eta Zaldibar atxilotu zituen Frantziako Poliziak. Biharamunean, Ramirez anaiak atxilotu zituen euroaginduaren aurkako prentsaurreko batera zihoazelarik, autoa zeramaten hautetsiei mehatxu eginez. Arratsaldean Endika Perez atxilotu zuen Poliziak, hautetsien autoa indarrez geldituz, berinak hautsiz eta mehatxu gisan pistola zuzenduz hautetsiei.
Itxialdia egin zuten Segiko zortzi kideen artean libre dagoen bakarra Irati Tobar da. Hendaiako Joncaux eremuan dago, euroaginduaren aurkako gose greba egiten, Iker Elizalde eta Xabi Hirigoien Hendaia eta Beskoitzeko hautetsiekin batera.
Abokatuak uzkur
Atxilotuak epailearengana eraman bezain laster, auzibidea bertan behera uztea eskatu zuen Amaia Errekarte abokatuak. Eskari bera berretsi zuen ondoren Xantiana Cachenaut abokatuak. Espainiako epaileek egindako atxilotze aginduak gazteleraz eta ingelesez zeuden idatzirik. Frantziako konstituzioak argi dio hizkuntza ofizial bakarra frantsesa dela eta horretan oinarrituz, auzibidea indargabetu eta gazteak libre uztea eskatu zuen abokatuak. Epaileak ez zuen onartu eskaria eta atxilotuak Okzitaniako Tolosa herrian dagoen Seysses-eko presondegira eramateko agindu zuen, ebazpenaren zain edo ebazpena hausteko eskariaren erantzunaren beha.
Bidaxunen atxilotu zuten Jon Goio Jimenezen aurkako prozedura, berriz, torturan oinarritua dela nabarmendu zuen Cachenautek. Pedro Maria Olano Zabalaren aitormenean oinarritzen da euroagindu eskaria. Atxiloketaren ondorioz, tortura salaketa ezarri zuen Olano Zabalak. Salaketa hori aztertu arte, euroagindua bertan behera uzteko eskatu zuten abokatuek. Kasu honetako ebazpena ere asteartean emanen dute jakitera.
Auzitegiko kanpo aldean istiluak egon ziren, Frantziako polizia atxilotuak eraman nahi izan zituelarik. Bertara hurbildu ziren familia eta lagunen aurka jazarri zen polizia. Horren ondorioz, bederen bi lagunek zauriak ukan zituzten, horietako batek buruan. Bertze alde batetik, poliziak Txomin Catalogne eta Txomin Hiriart-Urruti atxilotu zituen.
Bi gazte horiek libro utzi eta euroaginduen prozedura bertan behera uzteko eskatu zuen Askatasunak. «Berriz ere erakutsi dute haize berriak eragiten dien urduritasuna». Dinamika hori makilen indarrez ezin dela gelditu nabarmendu du Askatasunak.
Segiko hiru kideren aurkako euroaginduak onartu ditu Paueko auzitegiak
Polizia gogor jazarri da protesta egitera bildu diren senide eta lagunen kontra, bi gazte zaurituz eta bi atxilotuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu