Segikoak direla ukatu, eta torturak salatu dituzte epaituek

Hernani eta Urnietako hamar gazteren kontrako epaiketa hasi da Madrilen, Segikoak izatea egotzita

Oihana Elduaien Uranga.
Madril
2012ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Torturapean egindako deklarazioak, eta hainbat etxeren zein lokalen miaketetan topatutako txostenak, pegatinak, esku orriak, kamisetak eta antzekoak frogatzat hartuta, Hernaniko zein Urnietako hamar gazte «talde terroristako kide» direla argudiatu, eta haiek espetxeratu nahi ditu Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak zazpi eta bederatzi urterako. Segiko kide izatea egotzita, haien kontrako epaiketa hasi zen atzo Madrilen.

Txaber Zabaletak, Jon Ezeizak, Antton Zabalak, Ekaitz Telleriak eta IñigoAlzelaik deklaratu zuten atzo, eta guztiek ukatu zuten Segikoak izatea. Talde horrekin loturarik ez dutela inoiz izan esan zuten. Haietako bik tortura testigantza gordina eman zuten, Angela Murillo buru duen epaimahaiaren aurrean. Gainerako bostek gaur deklaratuko dute.

2009ko martxoaren 31n atxilotu zituzten hamar lagun horietatik zortzi, eta zortzi horietako zazpik tortura eta tratu txarrak salatu zituzten.

Jon Ezeiza urnietarrak epaiketan azaldu zuenez, etxean bertan hasi zitzaizkion mehatxuka. Ohetik atera eta «indarkeria handiz» lurrera bota zuten, belauna buruan jarri eta eskuburdinak lotu zizkioten. Altxarazi, eta tratua proposatu ziotela azaldu zion epaimahaiari: «Esan zidaten bazekitela Segikoa nintzela, eta bazekitela zer egin nuen. Besteak salatzen banituen libre utziko nindutela». Miaketak egin ostean, autoan sartu, eta Donostiako Auzitegira eraman zuten. Kontatu zuen, bidean burua hanka artean sartuta edukiarazi ziotela, kolpeak eta ostikoak emanez, mehatxu eta galdera artean. Madrilera bidean ere antzera. Epaimahaiari esan zion poliziek buruz ikasarazi zizkiela deklarazioan esan beharrekoak. Ezeizak kontatuta, auzi medikuak txostenean apuntatuta utzi zuena irakurri zuen Jose Mari Elosua abokatuak: «Estres handiarekin dago. Esaten du nahi dutena deklaratuz gero bakean lagako dutela hitzeman diotela, eta horixe egin duela, nahiz eta egia ez izan. Esandakoa egin duenean bakean utzi dutela».

Antzeko tratua eman zioten Iñigo Alzelairi ere. Batik bat Donostian jo zuten. Beraiek nahi zutena ez zuenez esaten, honela kontatu zuen une batean gertatutakoa: «Gizonezko bat etorri zen, ostia txar-txarrarekin, aurpegia bistan, 50 urtetik gora, ile zuria atzeraka orraztuta gominarekin. Beheko ezpainetik heldu zidan, eta gogor tira. Kolpeak eta zaplaztekoak eman zizkidan, lurrera bota eta kolpeak ostikoak...». Salatu zuen berari ere buruz ikasarazi zioten deklarazioa. Libre atera zenean prentsaurrekoa eman zuen, tratuaren berri emateko, eta fiskalak haren kontra darabil hori ere. Elosuak galdetu zion ea prentsaurrekoa Segiren, Askatasunaren edo beste norbaiten aginduz eman al zuen: «Aitak txikituta ikusi ninduen, eta hori salatu beharra zegoela esan zidan».

Epaituek Amaiurreko diputatuen elkartasuna izan zuten atzo Auzitegian. Xabier Mikel Errekondok PPri zuzendu zion mezua, eta «jende konprometitua kriminalizatzeari uzteko» eskatu; batik bat, «gazteak kriminalizatzeari».

Iñaki Goioaga, Jorge Garcia eta Ana Pazen kontrako epaiketak ere aurrera jarraitu zuen atzo, Auzitegi Nazionalean bertan. Perituek deklaratu zuten, eta fiskalak eutsi egin zien zigor eskariei: 16 urte abokatuarentzat, zortzi Pazentzat eta bost presoarentzat. Gaur jarraituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.