Euskal herria

Segikoak izatea egotzita 15 gazteri ezarritako zigorrak baliogabetu ditu Gorenak

Akusatuen defentsek aurkeztutako frogak ez zirela kontuan hartu aitortu du Gorenak, eta beste epai bat egiteko agindu du. Donostiako 15 gazteei seina urteko kartzela zigorra ezarri zien iaz Auzitegi Nazionalak.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2011ko urriaren 25a
14:32
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak Donostiako hamabost gazteri Segiko kide izatea egotzita duela urtebete ezarritako kartzela zigorrak baliogabetu egin ditu Auzitegi Gorenak. Gazteek epaiaren aurka aurkeztu zuten helegiteari arrazoi eman, eta beste epai bat egitera behartu du Auzitegi Nazionala. Hain zuzen, gazteak zigortzeko orduan defentsak aurkeztutako hainbat froga ez zirela kontuan hartu ohartarazi zuten zigortuek helegitean; epaia partziala izan zela eta, beraz, urratu egin zela babes judizialerako eskubidea. Gorenak arrazoi eman die Donostiako gazteei. Epaiak ez duela hainbat frogei buruzko inolako baloraziorik egin adierazi du; hortaz, ez dela osoa. Epaia errepikatzeko agindua eman du, hargatik.

Auzitegi Nazionalak iazko ekainean eta uztailean epaitu zituen Donostiako hamazazpi gazte. Segin jardutea leporatu zieten guztiei, eta, hargatik, «erakunde terroristako kide» izatea. Hamazazpi horietatik hamabost zigortu zituen auzitegiak.

Ekaitz Ibero Arteaga, Pello Lamarka Eskisabel, Mikel Arretxe Salbide, Unai Perez Quintans, Egoi Alberdi Casanova, Oier Lorente Azpiazu, Adur Fernandez Arratibel, Aitor Olaizola Urien, Asier Mariezkurrena Ramada, Imanol Alder Vicente Ugalde, Nahikari Otaegi Tena, Urko Pikaza Ataun, Beñat Apalategi Mora, Igor Alvarez Zubeldia eta Ekaitz Ezkerra Laspeñas Segi erakundeko kide zirela ondorioztatu zuen auzitegiak. Indarkeriazko ekintzetan parte hartu dutenik ezin esan zitekeela ebatzi zuen epaiak. «Baina posible da erakundeko kide izatea, nahiz eta lan banaketaren ondorioz beste funtzio batzuk bete», zioen. Arrazonamendu horretan oinarrituta, seina urteko kartzela zigorra jarri zien hamabost lagun horietako bakoitzari Auzitegi Nazionalak.

Epaiketa berean epaitu zituzten beste bi lagunak, Ion Imanol Igal Iribarren eta Breogan Fernandez Garcia, absolbitu egin zituen. Atxilotu zituztenean ez zituzten inkomunikatu eta ez zuten deklaraziorik egin; beraz, zigortzeko nahiko frogarik ez zegoela argudiatu zuen auzitegiak bi gazteak absolbitzeko.

Sarekada egin ostean Inkomunikatu zituzten gazteak, berriz, polizien aurrean beren buruak kulpatu zituzten. Gazteek epaiketan azaldu zuten inkomunikatuta izan zituztenean torturatu egin zituztela eta horregatik egin zituztela beren buruen aurkako gezurrezko deklarazioak.

Edozein kasutan, epaituetako inork ezin zuela «talde terroristako kide» izan ohartarazi zuen Iñigo Iruin abokatuak epaiketan, Segin 2005ean aritzea leporatzen baitzieten akusazioek gazteei, eta urte hartan Segi ez baitzegoen legez kanpo.

Epaileek beraiek epaituak zigortzeko «froga zuzenik» ez zegoela aitortu zuten duela urtebeteko epaia idatzi zutenean. Baina horien ordez «kargu frogak» balekoak izan zitezkeela esan zuten, «susmo hutsetatik bereizteko baldintzak betetzen badituzte». Auzitegi Nazionaleko epaileen ustez, atxilotuta zeudenean egindako deklarazioak eta auzipetuen etxeetan topatutako pegatina, zapi eta elastikoak nahikoa «baldintza» ziren, horiek gazte erakundearen irudia zutelako.

Zigor epaiaren aurka gazteek aurkeztutako helegitean, babes judizialerako eskubidea, inpartzialtasuna eta errugabetasun presuntzioa urratu izana salatu zuten. Gorenak arrazoi eman die orain: akusatuek haien defentsarako aurkeztutako frogak ez zirela aintzat hartu dio. Ez direla bi aldeak kontuan hartu, eta horrek babes judizialerako eskubidea urratzen duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.