Segurtasun Sailak Ernairen pintaketa eta kartelak fiskaltzara eramango ditu

Ertzaintzaren aurkako gorroto delitua egon daitekeela iritzita, Fiskaltzari pintaketak, kartelak eta mezuak aztertzeko eskatuko dio Jaurlaritzak.

Ernaik Eusko Jaurlaritzaren aurrean egindako elkarretaratzea, Ertzaintzaren errepresioa salatzeko. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
2021eko maiatzaren 25a
19:59
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Ernai gazte antolakundearen pintaketak, kartelak eta mezuak aztertzeko eskatu dio fiskaltzari, Eusko Jaurlaritzak BERRIAri baieztatu dionez. Horrela, Ertzaintzaren aurkako gorroto delitua izan ote den jakin nahi duela azaldu du.

Zigor Kodeko 510. artikuluak babesten ditu kolektibo zaurgarriak gorroto delituetatik. Hala ere, 2018. urtean Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epai baten arabera, ezin liteke esan polizia kolektibo zaurgarrien parte denik.

Auzia jada fiskaltzari jakinarazi zaiola argitu du Segurtasun Sailak. Era berean, Ertzaintzak oraindik zabalik dauka poliziaren aurkako gorroto ekintzak aztertzen dituen ikerketa, «egunero» agertzen omen baitira «ertzaintzaren aurkako gorrotoa» adierazten duten pintaketak.

Izan ere, Ernaik maiatzaren 7an Larrialdi egoeran gaude lelopean antolatu zituen mobilizazioei gogor oldartu zitzaien Ertzaintza, eta gutxienez zortzi lagun atxilotu zituzten. Orduz geroztik, gazte antolakundeak Ertzaintzaren aurkako hainbat mezu zabaldu ditu, kartel eta pintaketa bidez, poliziaren jarrera salatzeko.

Ernairen erantzuna

Berria zabaldu eta ordu gutxira, gazte antolakundeak ohar batean nabarmendu du «lotsagarria» dela «ikertzeke dauden hamaika injustizi ikusirik» tresna hori Ernairen aurkako auzibide bat zabaltzeko erabiltzea. Gehitu dute, gainera, «atentzioa desbideratzeko» helburuarekin egin duela Jaurlaritzak, pandemiaren kudeaketa «negargarria» ezkutatzeko. 

Gertakarien berri emateko agerraldia egingo dutela ere iragarri dute, eta ostegun honetan Donostiako Trinitate plazan jarri dute hitzordua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.