Sei hilabeteko espetxe zigorrak, Voxen ekitaldi baten aurkako protesten harira

Voxek 2020ko ekainean San Frantzisko auzian egindako ekitaldiaren aurkako protestak dira auziaren oinarria. Egun hartan, Ertzaintza manifestarien aurka oldartu zen.

ANTIFAXISTAK ETA ERTZAINAK
Ertzainak, manifestarien aurre egiten, Voxen ekitaldiaren aurkako protestetan, 2020an. MIGUEL TOÑA / EFE
2024ko otsailaren 13a
14:00
Entzun

Sei hilabeteko espetxe zigor bana ezarri die Bizkaiko Auzitegiak 2020ko uztaileko Eusko Legebiltzarrerako bozetarako aurrekanpainan Voxen ekitaldi baten kontrako mobilizazioan parte hartu zuten hamar laguni, eta bederatzi hilabeteko zigor bat beste bati. Gaur zen hastekoa epaiketa, baina akordio bat egin dute fiskalak eta auzipetuen abokatuek, Naiz-ek jakinarazi duenez.

2020ko ekainaren 19an, Voxek Bilboko San Frantzisko auzoko Mariaren Bihotza plazan ekitaldi bat egin zuen; besteak beste, auzo hartako «segurtasuna eta immigrazioa» hizpide. Han izan ziren Javier Ortega Smith orduko alderdiko idazkari nagusia, Niko Gutirerrez Bizkaiko zerrendaburu izan zena, eta haiek entzutera joandako hogei lagun inguru.

Plazaren inguruan, berriz, ehunka lagun, zenbait eragilek «probokaziotzat» jo zuten ekitaldiaren kontra protesta egiten. Eta haien eta ekitaldiko parte hartzaileen artean, dozenaka ertzain; besteak beste, istiluen aurkako agente andana. Azken horien babespean atera ziren Voxeko kideak plazatik, eta horiek izan ziren ekitaldiaren ostean protestan ari zirenen aurka oldartu zirenak.

Fiskalaren esanetan, protestan Voxen aurkako aldarriak oihukatu ziren, eta zenbait edalontzi, botila eta bestelako objektuak jaurti. Era berean, azaldu zuen polizien aurka egin zutela manifestariek eta zaborrontzi bat erre zutela. Horren aurrean, fiskalak argudiatu zuen ertzainek euren burua «behartuta» ikusi zutela eskura zituzten armak erabiltzeko.

Lehen unean, gazte bat atxilotu zuten. Gerora, baina, gehiago auzipetu zituzten protesta haiengatik. Zehazki, fiskalak bi urteko espetxe zigorra eskatu zuen auzipetutako hamar lagunentzat, desordena publikoko delituak egotzita. Azken batentzat, bi urteko zigorraz gain, hiru urteko beste bat ere eskatu zuen, atentatu delitu batengatik. Horretarako, argudiatu zuen gazte horrek bi polizia «bultza eta jo» zituela; batek «behatzean lesio bat» izan zuela eta besteak besoan.

Azkenik, baina, akordioa itxi dute aldeek. Hamar laguni sei hilabeteko espetxe zigorrak ezarri dizkiete, baina ez dute kartzelan sartu beharko. Besteari bederatzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote erresistentzia delitu batengatik, eta 120 euroko isuna lesio arinen delituengatik. Lagun hori espetxean dago egun, beste auzi batengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.