Altsasuko feriak, eta liskar bat goizaldean. Bi guardia zibil tartean. Atxiloketak. Hazi eta hazi, puztu eta puztu orduan sortutako bola. Estutu eta estutu orduan sortutako korapiloa: espetxeratzeak, manifestazioak, aske uzteak eta adiera baten itzala: «terrorismo delitua».
2016
Urriak 15. Altsasuko ferietako goizaldean, Koxka tabernan gertatutako liskar baten ondorioz, Jokin Unamuno eta Aritz Urdangarin gazteak atxilotu zituzten, bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso egin izana leporatuta.
Urriak 17. Unamunok eta Urdangarinek Iruñeko 3. instrukzioko epaile Mari Paz Benitoren aurrean deklaratu zuten. Aske utzi zituen, baina kautelazko neurriekin.
Urriak 18. Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak erasoa «gorroto delitu» izan zitekeela esan zuen. Espainiako Kongresuak Guardia Zibilaren aldeko ebazpena onartu zuen.
Urriak 19. Consuelo Ordoñezek, Covite biktimen elkartearen izenean, gazteen aurkako salaketa jarri zuen Auzitegi Nazionalean.
Urriak 22. Manifestazio jendetsua egin zen Altsasun, Utzi bakean lelopean. Ehunka lagun bildu ziren, «Guardia Zibilaren eta hedabideen azpijokoak» salatzeko.
Urriak 25. Altsasukoa «terrorismo» delitua dela esan zuen Auzitegi Nazionaleko fiskalak, eta han ikertu beharko litzatekeela.
Urriak 26. Adur Ramirez de Alda, Julen Goikoetxea, Oihan Arnanz, Iñaki Abad eta Jon Ander Cob euren borondatez agertu ziren Iruñeko epaitegian, epailearen aurrean deklaratzera. Epailea bertan ez zegoenez, dokumentu bat sinatu zuten haien asmoen berri emanez. Egun berean jakinarazi zuen Carmen Lamela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak terrorismo delitua ikusten duela Altsasuko liskarretan, eta han ikertuko dutela.
Urriak 28. Aratz Urrizolak eta Edurne Martinezek ere euren burua aurkeztu zuten Iruñeko epaitegian, Benito epailearen aurrean deklaratzeko. Dokumentu bat sinatu zuten haien asmoen berri emanez.
Azaroak 9. Mari Paz Benito Iruñeko instrukzio epailea inhibitu egin zen, eta Auzitegi Nazionalaren esku utzi zuen Altsasuko auzia.
Azaroak 14. Auzitegi Nazionalaren aginduz, zortzi lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak:
• Oihan Arnanz: 07:30ak aldera atxilotu zuten, Gasteizko autobus geltoki parean, ikastetxera zihoala. Madrilera eraman zuten.
• Aratz Urrizola: 09:00ak aldera atxilotu zuten, Ordizian (Gipuzkoa), ikastetxean. 08:30ak aldera agertu zen Guardia Zibila haren etxean. Madrilera eraman zuten.
• Jon Ander Cob: 07:30ak aldera atxilotu zuten, Iruñeko Azpilagaina auzoan. Madrilera eraman zuten.
• Jokin Unamuno: 09:00ak aldera atxilotu zuten, etxeko atarian. Guardia Zibila etxera bila joan zitzaiola jakin eta gero, lantokitik etxera itzuli zen. Madrilera eraman zuten.
• Iñaki Abad: 09:00ak aldera atxilotu zuten, etxean. Madrilera eraman zuten.
• Julen Goikoetxea: 07:30ak aldera atxilotu zuten, etxe ondoan, ikastetxera joateko autobusa hartzera zihoala. Madrilera eraman zuten.
• Ainara Urkijo: 07:45ak aldera atxilotu zuten, Agurainen (Araba), ikasturteko praktikak egiten zituen zentrora joateko autoa utzi zuen aparkalekuan. Madrilera eraman zuten. Lamela epailearen aurrean deklaratu ostean, aske utzi zuten, pasaporterik gabe eta astean bitan sinatzeko betebeharrarekin.
• Adur Ramirez de Alda: 08:30ean azaldu zen Guardia Zibila haren etxean, baina, zitazio judizialik ez dagoela ikusita, aitak ezezkoa eman eta ez zuten atxilotu. Arratsalde berean Auzitegi Nazionalean aurkeztu zen. Azaroaren 16rako hitzordua jarri zioten.
• Aritz Urdangarin: Auzitegi Nazionalean aurkeztu zen. Ez zioten deklaraziorik hartu, eta azaroaren 16rako jarri zioten hitzordua.
• Edurne Martinez: 09:30ak aldera atxilotu zuten, Madrilen. Madrilgo Unibertsitate Autonomoko campusean, han ari baita ikasten. Deklaratu ostean, aske utzi zuten, karguekin.
Azaroak 14. Manifestazio jendetsua Altsasun, atxiloketak salatzeko.
Azaroak 15. Nafarroako Gobernua atxiloketen kontra mintzatu zen. Aurrez aurreko gordina izan zuen Barkos presidenteak UPNrekin, PSNrekin eta PPNrekin.
Azaroak 16. Altsasuko Udaleko udalbatzak adierazpen instituzional bat onartu zuen. Familien samina bere egiteaz gain, instituzioei babesa eskatu zien gertaerak Iruñera bideratzeko, eta gertatutakoa terrorismotzat jotzearekin ados ez zeudela adierazteko.
Azaroak 16. Adur Ramirez de Alda eta Aritz Urdangarin Auzitegi Nazionalean aurkeztu ziren, bigarren aldiz, euren borondatez. Lehendabizikoa atxilotu eta kartzelatu egin zuten, «ihes egiteko arriskua» zegoelakoan; bigarrena aske utzi zuten, karguekin eta astean bitan sinatzeko betebeharrarekin.
Azaroak 18. Edurne Martinezen kontrako karguak erretiratu zituen Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak. Aurreko egunetan egindako identifikazio saioetan guardia zibilek ez zuten ezagutu erasotzaileen artean.
Azaroak 19. Ehunka lagun bildu ziren Altsasun, azaroaren 26ko manifestazioa iragartzeko. Besteak beste, alkatea, udaleko ordezkariak, herriko eragileak eta atxilotu zein auzipetuen gurasoak izan ziren bertan. Foru gobernuak manifestazioa babestu zuen hurrengo egunean, baita Sakanako alkateek eta beste hainbat eragilek eta norbanakok ere.
Azaroak 26. Milaka lagunek parte hartu zuten manifestazioan. Altsasu lelotzat zuen pankarta bat eraman zuten. «Aski da» aldarrikatu, eta Altsasuko auzia Iruñean ikertzeko exijitu zuten. Atxilotuen senideek salatu zuten botere judizialaren aurrean «babesgabe» sentitzen zirela. Manifestarien artean zeuden Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramailea, Ainhoa Aznarez parlamentuko lehendakaria, Adolfo Araiz (EH Bildu), Koldo Martinez (Geroa Bai) eta Laura Perez (Ahal Dugu) parlamentuko bozeramaileak, Iruñeko alkate Joseba Asiron, Ezkerrako senatari Iñaki Bernal, ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak eta Altsasuko PSNko zinegotziak, baita Sakanako udal guztietako ordezkariak ere.
Abenduak 2. Altsasuko auzipetuen eta espetxeratuen gurasoek eta Altsasuarrak eta harro gizarte eragileko ordezkari batek Nafarroako Parlamentuko Batzordean eman zuten euren testigantza, ordezkaritza instituzionala duten alderdi guztien aurrean. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak babesa agertu zieten gazteen senideei. UPNk, PSNk eta PPNk prozedura judizialak «errespetatzeko» eskatu zieten.
Abenduak 20. Hilabete batez, behin eta berriz, ihes egiteko arriskua zegoela aipatu ostean, kartzelatutako zazpi gazteetatik lau aske utzi zituen Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epaileak: Aratz Urrizola, Jon Ander Cob, Iñaki Abad eta Julen Goikoetxea. Baina Adur Ramirez de Alda, Oihan Arnanz eta Jokin Unamuno espetxean mantentzea ebatzi zuen.
Abenduak 20. Lamela epailearen erabakiaren berri izan aurretik, atxilotuen senitartekoak EAJ, EH Bildu, Podemos, En Marea, Compromis, PDECat, ERC eta Izquierda Unida taldeekin bildu ziren Espainiako Kongresuan.
2017
Urtarrilak 20. Nafarroako Lurralde Auzitegiak eskatu zuen aztertzeko ea Altsasun terrorismo deliturik izan zen. Autoaren arabera, epailea legez behartuta dago defentsak inhibizioaren aurka jarritako helegitea onartzera eta hari buruz erabakitzera. Zirrikitu bat ireki zen.
Urtarrilak 23. Altsasu Entzun dinamikak salatu zuen Guardia Zibilaren «kontrolak eta galdeketak» ugaritu egin direla Altsasun. Horietako kontrol batean, gazte batzuk «fusil puntekin» gelditu, identifikatu eta euren jardun politikoari buruz galdekatu zituztela, besteak beste.
Urtarrilak 28. Soto del Realen espetxeratuak dauden gazteei elkartasuna adierazteko, bidaia jendetsua antolatu zen Altsasutik.
Urtarrilak 31. Altsasuko auzia «zentzugabekeria» dela salatu zuten hainbat abokatuk, legelarik eta EHUko irakaslek. 214 lagunek baino gehiagok sinatutako manifestuaren berri eman zuten. Auzipetuei behin-behineko kartzela zigorra ezartzea «neurrigabetzat» jo zuten, besteak beste.
Otsailak 2. Altsasuko auziari buruzko sumarioa itxi zuen Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epaileak, auzipetuei terrorismoa egotzita. Instrukzioa hasi eta bukatu, hiru hilabeteko epean, hasierako tesiari heldu zion epaileak: urriaren 15eko gertakariengatik, Zigor Kodeko 573. artikulua aplikatu, eta terrorismoa egoztea bederatzi gazteei. Lamelak sumarioa itxi zuen egun berean, Euskal Herri osoko politika eta gizarte arloko 130 lagunek izenpetutako agiria aurkeztu zuten. «Terrorismo delituaren kalifikazioa ezabatzeko» eskatzen zuten bertan.
Otsailak 13. Auzipetutako bi adingabe altsasuarrek Madrilen deklaratu zuten, Auzitegi Nazionaleko adingabeen epaitegian.
Otsailak 15. Altsasuko auzia Madrilen epaitu behar dela berretsi zuen Iruñeko 3. instrukzioko epaile Maria Paz Benitok. Akusatuen defentsak jarritako erreforma helegitea ez zuen aintzat hartu.
Otsailak 24. Auziak 100 egun bete zituen egunean, bilkura jendetsua egin zuten Iruñeko Sarasate pasealekuan, parlamentuaren aurrean (2.000 lagunetik gora).
Martxoak 3. Auzipetuen gurasoek idazki bat plazaratu zuten salatzeko kasua «mendekuak eta zigorrak» bideratzen dutela.
Martxoak 8. Nafarroako Lurralde Auzitegi aurrean elkarretaratzea egin zuten, #Altsasu: ez da terrorismoa lelopean, gazteen gurasoek deituta.
Martxoak 22. Altsasuko auzia Iruñean epaitzeko eskatu zuten Espainiako Gorteetako 74 diputatuk eta hamalau senatarik. Adierazpen bateratua aurkeztu zuten alderdi eta koalizio hauek sinatua: EAJ,EH Bildu, Podemos, IU, En Marea, Compromis, PDeCAT eta ERC. Gertaerei «terrorismo kalifikazioa kentzeko» eta auzipetuek bidezko epaiketa izateko eskatu zuten.
Martxoak 24. Nafarroako Lurralde Auzitegiak auzipetutako gazteen errekurtsoa onartu zuen, ez zuen terrorismo deliturik ikusi gertaeretan, eta Iruñeko Instrukzioko 3. epaitegiari eskatu zion uko egiteko auzia Auzitegi Nazionalaren esku uzteari, Iruñean ikertu behar dela, eta aurkezteko eskumen auzi bat Auzitegi Gorenean. «Ez gaude delitu larri baten aurrean», ondorioztatu zuen auzitegiak. Auzitegi Gorenak zer erabakiko gelditu zen horrela auzia.
Martxoak 28. Preso diren hiru gazteak askatzea galdegin zuten Altsasuko gurasoek. Lurralde auzitegiak auzia Iruñera ekartzearen alde egiteak «indarra eta itxaropena» eman ziela aitortu zuten, «baina bidea luzea da oraindik». Esker ona azaldu zieten orain arte babesa emandako guztiei.
Apirilak 5. Preso dauden hiru gazteak baldintzapean aske uzteko eskaera atzera bota zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak.
Maiatzak 14. Manifestazioa egingo da gaur, Altsasun.
Sei hilabeteren joana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu